San Eloy Taldeko lanpostuak defenda ditzala eskatu diote Jaurlaritzari

Anboto 2013ko mar. 22a, 08:49
Jaurlaritzari 210 lanpostu babestu eta Volkswagenekin bitartekari egin dezala eskatu diote; enpresa taldeko akzioen %18ren jabe da Jaurlaritza. Manifestazioa deitu dute, bihar, Elorrion

Jaurlaritzari 210 lanpostu babestu eta Volkswagenekin bitartekari egin dezala eskatu diote; enpresa taldeko akzioen %18ren jabe da Jaurlaritza. Manifestazioa deitu dute, bihar,  Elorrion.

 

San Eloyko (Elorrio) eta Iketzeko (Abadiño) beharginek ardura handiz bizi dute euren enpresa taldearen egoera. Eguaztenean, Legebiltzarrera joan ziren Industria batzordearen eztabaida bertatik bertara ezagutzera. EH Bilduk San Eloy Taldearen inguruko mozioa aurkeztu zuen, hainbat beharginek Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egiten zebiltzan bitartean.

 

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, enpresan dihardu- ten 210 langileren lanpostuak defendatu eta Volswagenekin bitartekaritza lana egiteko eskatu diote Jaurlaritzari:“Arantza Tapia Industria sailburuak esan digu, eurek ez direla enpresen kudeatzaileak, eta ezin dutela horrelakorik egin”. Sindikatuek diotenez, ostera, Eusko Jaurlaritza egoeraren arduraduna da, enpresaren akzioen %18 duelako: “Azken urteetan enpresaren gestio txarra txalotu dute. 2010ean San Eloyri 1.300.000 euro eman zizkioten eta aurrerago beste milioi bat euro baino gehiago, eta Iketzi 600.00 euro eman zizkieten, diru horren erabilpenaren ezelako kontrolik egin barik”.

 

“Estrategikoa da”

Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak dioenez, San Eloy Taldea estrategikoa da Durangaldean. 2010etik hona Jaurlaritzak Iketz eta San Eloyn 3,4 milioiko inbertsioa egin eta gero, “ulertezina” egiten zaio enpresan ezer ez planteatzea. “Jaurlaritzak enpresaren biziraupena berme baten bidez lotu dezake eta, beharrezkoa balitz, berme hori Volkswageni eman”.

 

Inbertsore bila

LAB eta ESK sindikatuek azaldu dutenez, Iketzen apirilera arteko lana daukate, eta San Eloyn maiatzera artekoa. 2012ko irailean, enpresa biak konkurtso prozeduran sartu ziren, eta orain arte egindako saiakerek ez dute emaitza onik eman. Ez dute inbertsorerik lortu, eta bezeroak alde egiten dabiltza.

 

Administrari konkurtsalak hartu-emanak eduki ditu hainbat bezerogaz, baina horiek ez diote bermatu enpresa biekin edukitako konpromisoagaz jarraituko dutenik. Horrez gainera, Iketzen %33 inguruko fakturazioa ekartzen zuen bezeroak, Volkswagenek, ihes egin die.

 

Irailetik hona erosle posible bi agertu dira, sindikatuen arabera. Bat LEAX enpresa suediarra izan da; sindikatuek diotenez, zor guztia bere gain hartzea eta bazkide bakoitzari aparteko sari bat ematea eskatu diote Iketz eta San Eloyko bazkideek LEAXi. Beste erosle bat Jesús Esmorís enpresaria izan ei da.Sindikatuek kritikatu dute, Esmorísek bezeroekin askatasun guztia eduki duela azken hilabeteetan, eta bere proiektua aurkezteagaz batera, prezioak igoko zituela esan duela. “Hortik, Daimler eta Konsberg enpresek ez zutela San Eloy taldeagaz lanean jarraituko esan zuten”. Esmorísi kontuak ez ei zitzaizkion ondo irten. “Langileen ordezkariekin akordioa ia adostuta zegoenean, bezeroak galdu zituenez, joan egin zen”.

 

Sindikatuek esan dutenez, bazkideak desagertuta daude: “Urteetan aberastasuna poltsikoratu eta, orain, ez dute bere gain hartu erantzukizunik; bezero berriak lortzen ere ez dira saiatu. Eurek sortutako miseriak langileek irenstea gura dute”.

 

 

 

 

“Iketz eta San Eloy Bizirik” lelopean irtengo dira 18:00etan plazatik

 

Beharginek manifestazioa deitu dute zapaturako, Elorrion. Arratsaldeko 18:00etan plazan jarri dute hitzordua.

 

\"\"

 

 

ELA sindikatuak protesta ekitaldia babesten duela adierazi du, “bere helburuak konpartitzen ditugulako”. Hala ere, azpimarratu dutenez, ELAk enpresa taldean ordezkaritzaren herena duen arren, ez du manifestazioaren berri izan publiko egin den arte: “LABek eta ESK-k horrela izatea gura izan dute, konkurtso egoera guztian izan duten transparentzia faltarekin jarraituta”. Edonola ere, gertaera larri horiek alde batean utzita, manifestazioan parte hartzeko dei egin diete afiliatu guztiei. Adierazpen hauei erantzunez, LABek dio ELAk ez duela komiteetan hitz egindako mobilizazioekin orain arte bat egin eta jarrera aldaketa hau begi onez ikusten duela.

 

Durangaldeko Sortuk ere bere elkartasuna adierazi die langileei, eta manifestazioan parte hartzeko dei egin dute.

LABek eta ESK-k manifestazioa deitu dute zapaturako, Elorrion

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!