"Jabeek sartu gaituzte arazo honetan, ez guk; guk lan baino ez dugu egin"

Anboto 2012ko urr. 18a, 08:36
San Eloy industria taldea bi enpresak osatzen dute: San Eloy fundizioak (Elorrio) eta Iketz mekanizazio lantegiak (Abadiño). Zorrak ordaindu ezin eta enpresa Konkurtso Legera jo dute. Jabeek egoera langileen esku utzi izana kritikatu du LABek.

San Eloy industria taldea bi enpresak osatzen dute: San Eloy fundizioak (Elorrio) eta Iketz mekanizazio lantegiak (Abadiño). Zorrak ordaindu ezin eta enpresa Konkurtso Legera jo dute. Jabeek egoera langileen esku utzi izana kritikatu du LABek.

 

Zor handiak dituelako sartu dira Grupo San Eloyko bi enpresak Konkurtso Legera.

Hornitzaileekin eta bankuekin zor handia daukate eta kanpotik entzun genuen hornitzaileak enpresak salatzekotan zeudela. Eurek eskatuta konkurtsora sartu aurretik, enpresak bere kabuz erabaki du konkurtsora sartzea. Prozedura desberdina izaten da.

 

Kudeaketa txarto eroan dutela salatu duzue.

2009an makina berri baten inbertitu zuten, eta eurek %80 ipini eta bankutik %20 hartu beharrean, bankuari eskatu zioten dena, interes handiagaz. Kalkuluak txarto egin zituzten: makina berriagaz egindako piezak produzitzea saltzea baino garestiagoa zen. Prezioa zehaztu zuten, enpresak errentagarritasuna lor zezakeen jakin barik.

 

Lantokietan sumatu duzue gertatzen zebilena?

Normal ibili gara gu, lana geneukan, makina berriak etorri ziren... Ez gabiltza topera, baina lana badago. Arazoa finantziazioa da. Zor horren zurrumurrua entzun genuen, soldatak apur bat beranduago edo bi zatitan ordaindu zizkiguten, galdetzera joaten ginen... Eta azkenean hau.

 

Zelan eragingo dizue?

Oraingoz, hile eta erdiko soldata zor digute, eta gure lanpostuak kolokan daude. Sozietate mugatuko bazkideek esan dute ez dutela dirurik ipiniko. Eurek ez badute ipintzen bi aukera daude: kanpotik inbertsoreren bat etortzea edo langileen sozietate bat eratzea. Hiru hilabeteren buruan ez bada horrelakorik gertatzen, enpresak zarratu egingo dira.

 

Zelakoa da enpresako jabeen jarrera?

Esaten dute euren esku zegoena egin dutela, eta ez dutela euro bat gehiago ipiniko, orain guri tokatzen zaigula lana egitea. Eurekin aurrez aurre batzartzeko eskatu dugu hiru biderrez, baina ez dira ausartu etortzen, abokatuekin baino ez gara egon. 2007ra arte irabazi asko eduki dute eta diru asko banatu dute euren artean. Orain eurek ez badute dirurik ipintzen, talde inbertsore bat ekar dezatela edo mugitu daitezela behintzat, ez daitezela  etxean geratu. Jabeek sartu gaituzte arazo honetan, ez guk, guk lan baino ez dugu egin. Presioa egin gura dugu behintzat gu erosteko baten bat lortzeko. Oso jarrera txarra hartu dute. San Eloy eta Iketz zarratuz gero, hornitzaileen enpresak ere itxiko dira. Kalkuluak egin ditugu, eta lan barik geratuko dira beste 30 pertsona gutxienez. Enpresa txikiak dira, familietakoak, Durangaldekoak.

 

Zein izango da konkurtsoko administrazioaren funtzioa?

Tailerra ez gelditzeko ahaleginak egin behar ditu. Legeak dio ezin duela zorrik utzi, eta horregatik hornitzaileei momentuan or- daindu behar zaie. San Eloy bi egun geldirik egon zen orain dela aste bi, lehengai barik gelditu ginelako. Geldi, hornitzaileei eskura ordaindu arte. Bezeroei eskatu diegu dirua aurreratzeko. Fakturazioan gutxika-gutxika sartzen den diruagaz baliatu behar da epaile konkurtsala, enpresak ez du beste dirurik utzi eta. Luzera Iketz edo San Eloy errentagarriak ez direla ikusten bada, itxi egin beharko dira.

 

Zer diote bezeroek?

Konponbiderik edo bidegarritasun plan bat eman ezean joan egingo direla. Urduri daude, eta badakigu batzuk beste mekanizatu batzuk topatzen dabiltzala. Bezero oso onak dira automozioan; Volkswagen, Audi, Mercedes... Eta piezak egunean eta ondo eginda gura dituzte.

 

Zer diozue lan-sozietate anonimoa sortzeari buruz?

ASLE (Sozietate Mugatuen Euskadiko Elkartea) bideragarritasun plan bat egiten dabil, horrelako sozietate bat sortzeko aukerak guri planteatzeko. Ahalegin handia egin beharko litzateke kasu horretan, enpresa birkapitalizatzeko. Bideragarria den ikusteko zenbakiak zeintzuk diren jakin behar dugu.

 

Zelakoa da enpresa barruko giroa?

Tentsio handia dago. Duda asko dauzkagu eta ezjakintasuna ere bai. Mobilizaziorako gogoa eta lanagaz jarraitzeko gogoa dago. Greba egunean 70 langile inguru batu ginen elkarretaratzean, bigarrenean gutxitxoago, eta azken zapatuan ehun bat batu gara. Bazkideei presioa egiteko mobilizazioen egutegi bat prestatzen gabiltza orain. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!