anboto.org

Ikasle Mexikarrak Lea Artibai Ikastetxean

  Hezkuntza  Bizkaia

Lea Artibai Ikastetxeak ikasturte honetan Mexikotik etorritako gazte talde bat hartu du prestakuntza programa berezi baten baitan. Mexikoko Guanajuato estatuko Gobernuak, Goi-mailako Hezkuntza Institutuak eta industria pribatuak bultzatuta, teoria eta praktika uztartzen dituen “Capacitación sin fronteras” programaren baitan elkarlan akordio bat sinatu dute TKNIKArekin (Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako
EAEko zentroa).

Euskal Herriko 9 enpresak parte hartu dute hitzarmen honetan eta Guanajuatoko 25 ikaslek 4.0 industriak eskatzen dituen gaitasun tekniko zein zeharkakoak landuko dituen prestakuntza espazializatua jasotzeko aukera izango dute, Lea Artibai Ikastetxean, Bergarako Altuna Ikastetxean eta TKNIKA zentroan.

Lea Artibai Ikastetxera etorri diren 10 ikasle mexikarren egonaldia bi fasetan banatuko da, alde batetik, irailaren 4tik urriaren 30era 320 orduko prestakuntza teorikoa egingo dute eta, fase hau bukatzean, abenduaren 22ra arte enpresetan praktikaldiak egingo dituzte, hain zuzen ere, Mexikon presentzia duten CIE Automotive eta ELAY enpresa euskaldunetan.

CIE Automotive, automozioaren sektoreko osagai eta azpimultzoen mundu mailako hornitzaile bat da. Hainbat teknologia ezberdinen ezarpena eskaintzen duen (forjaketa, aluminio injekzioa, galdaketa, mekanizazioa…) eta 6.000 erreferentzia inguru produzitzen dituen enpresa hau sektoreko erreferentziazko hornitzaile bihurtu da bere negozio eredu sendo eta egitura malguari esker.

ELAY forjatutako piezen mekanizaziorekin hasi zen enpresa bat da. Antzuolan kokatuta, egun ebaketa zehatzaren teknikan espezializatuta dago eta batez ere automobilgintzaren sektorean murgiltzen da. ELAY Taldeak, bere produktuekin, bost kontinenteetako merkatuetan egotea lortzen du gaur egun, Europa, Amerika eta Asian dituen hiru ekoizpen plantei esker.

Programa honetan parte hartzen duten bekadunek lehenengo 6 hilabeteko epealdi bat burutzen dute Mexikon enpresek duten egoitzetan eta ondoren, atzerrira joaten dira enpresaren jatorrizko plantara, prestakuntza espezializatua jasotzera.

Estrategia honen bidez, promozionatzeko edo enpresan kontsolidatzeko aukera ematen dieten esperientzia eta profesionalizazioa jasotzen dute onuradunek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa