Ama eta musikaria? Onartezina!

Ama, langile, militante eta musikaria? Nolatan baina? “Baina zuk zer uste duzu zarela?”

7 urte nituenetik trikitixa gainean dudala gogoratzen dut neure burua. 30 urte daramatzat jotzen, 20 urte eman ditut trikitixa irakasten, 10 urtez  aritu nintzen ENE BADA taldean hainbat kontzertu emanez; oporrik gabe, lagunekin egoteko astirik gabe,  aldi berean unibertsitateko ikasketak lanarekin konpatibilizatuz. Merezi izan zuen, bai.  Maite duzunak merezi du, trikia jotzerakoan nire gorputzak hartzen duen lasaitasunak merezi du. Paradojikoki, trikia jotzeko sortzen dudan energia berezi horrek merezi du. Inork agindu gabe eta nahi dudalako egin izan dudalako merezi du. Mundua eta pertsona zoragarriak ezagutzeko beta eman didalako merezi du. Nire izaera eta baloreak eraikitzen lagundu didalako merezi du.

2008an ENE BADA taldearen azken kontzertua eman genuen bizitzako beste proiektu batzuei bide emateko asmoz, haien artean, ama izan eta familia bat osatzea,  beti ere eszenatokietara bueltatzea eta musikarekin jarraitzea deskartatu gabe. Halaxe azaldu genuen geure despedidan eta hainbat mediotan ere.

2010 eta 2012an bi alaba zoragarri izan nituen, eta tarte batez trikia gutxiago jo izan dut. Ez nuen une aproposik topatzen, eta gorputzak umeekin egotea eskatzen zidan. Aldiz, lanean jarraitu izan dut denbora guztian, irakaslea naiz ogibidez. Lehenengo alabak 6 hilabete zituela hasi nintzen lanaldi murriztu batekin eta berdin bigarren alabarekin. Arrazoi anitz nituen lanari ekiteko; gustoko dut nire lana, eroso sentitzen naizen sozializatzeko eremu bat da ikastetxea, hezkuntza sistema hau hobetzeko barrutik ekin behar zaiola uste dut; eta noski, dirua behar dut bizitzeko. Hasierako egunetan gogorra egin zitzaidan banaketa, baina erabaki egokia izan zela uste dut, nire alabak maite dituzten pertsonekin geratu izan dira, amaren magaletik haratago maitasuna dagoela somatu dute eta egoera desberdinetan lasai egoten ikasi dute. Badakizue zer? Inork ez du inoiz zalantzan jarri ni orduan lanean hastea.

2015eko udal hauteskundeetan zinegotzi aurkeztu nintzen Berrizen. Alabek 3 eta 5 urte zituzten eta aitortu behar dut kritikak entzun behar izan nituela bizitza osoan egin izan dudan zerbait egiten jarraitzeagatik; militatzea. Beti militatu izan dut, beti izan naiz ezker abertzaleko militante aktiboa. Joe! Ba orain arrazoi gehiagorekin: Ez nuke ulertuko nire jarrera etorkizuneko gazteentzat Euskal Herri hobe bat eraikitzeko lanean ez banintzateke inplikatuko. Kritikagarria da hau? Bai, gizarte berekoi eta atzeratu baten ikuspegitik bai.

Onena iristear dago; aurten, senak, bihotzak eta behatzak eskatuta musika talde batean hasi naiz, Kherau taldean. Asko gustatzen zait egiten dugun musika. Astean behin da entsegua eta ez ditugu kontzertu asko jotzen baina asko betetzen nau. Berriz trikia besoetan erregulartasunez edukitzeak lasaitasuna ematen dit, poza sentitzen dut, batzuetan euforia… gehien gustatzen zaidana egiten dut. Nire alaben aurrean ensaiatzen dut, abestiak dakizkite, nirekin jotzen dute, musika beraien bizitzan sartzeko bide bat sortu dut nahi gabe, maite dute musika, maite dute abestea eta instrumentuak jotzea, maite dute amatxu trikitixa jotzen ikustea, maite dute astean behin amamarekin edo aitatxurekin afaldu eta bainatzea, eta badakite, beraiek bai badakite, amatxu zoriontsu dagoela. Gertuko familiak ulertu du, errespetatu du nire erabakia, baina… ez zaizue burutik pasa ere egingo zenbat kritika entzun behar izan ditudan ezagun edo ez hain ezagunen partetik, seguraski inkonzienteki (min egiteko nahirik gabe) beno, edo hori pentsatu nahi dut. Adibide gisa gehien entzundakoak: “Ez al zenuke hobeto umeekin egotea?”, ” Ez al duzu nahikoa dagoeneko duzunarekin?”, ” Adina duzu horretarako ala?”, ” Besteok ere horrelako saltsetan sartu gabe pasa izan dugu bizitza”...

Ba bai, badakit, esfortzua eskatzen du, baina 37 urte ditudalako (ea adina dudan galdetzen dutenentzat)  indartsu eta gogotsu aurkitzen naizelako, eta aurretik azaldu dudan guztiagatik merezi du. Bestalde, kontziente naiz sofan telebistari begira egoteak plazerrik handiena sortzen dion gizartearentzat ez dagoela hau azaltzerik, ez ulertzerik.

Badakit ere musikan dabilena nire bikotekidea balitz, ez lukeela aurreko galderetako bat ere entzun behar izango, oraindik ere rolek agintzen dutelako gure herrian, eta betebeharrak desberdinak direlako batzuentzat eta besteentzat.

Beno, ba badakizue zergatik egiten dudan guzti hau?

Berdintasuna oinarri duen Euskal Herri libre eta alai batean bizi nahi dudalako, emakumeok geure denbora nola, norekin eta zertan inbertitu nahi dugun erabakitzen dugulako eta zuk zer uste duzun axola ez zaidalako.

Norbaiti gogoeta egiteko gogoa piztuko diodalakoan… “Amatxu ensaiora doie maitxiak, gero arte, bale? Oso ondo pasau!”.