Atxondon herri bideen inbentarioa prest udalbatzarrean onartzeko

Anboto 2016ko mai. 10a, 10:15

Atxondoko herri bideak zeintzuk diren zehazten dituen inbentarioa amaituta dago. Txostena ekaineko lehenengo asteleheneko udalbatzarrera eramango dute behin-behineko onarpena emateko. Ondoren, erabateko onarpena eman aurretik, alegazioak aurkezteko aukera egongo da.

Sendoa enpresak burutu du azterketa eta bertako Guillermo Ruiz de Erentxunek lan horren nondik norakoak eman zituen asteleheneko batzorde irekian. Sarritan, historikoki, udalek ez dituzte herri bideak inon jaso, ez zegoelako premiarik; denek zekiten herri bideak zeintzuk ziren. Atxondon ere horixe gertatu da. Beraz, askotariko artxiboetan arakatu eta behar zutenetan herritarrengana jo dute.

Oro har, zoladura duten lehen mailako bideak eta zolatu gabeko bigarren mailakoak dauden arren, “biek status bera” dutela argitu zuen: “Herri bideak dira, nahiz erabilera desberdina izan”.

Askotan, bideak baso-ustiapenerako erabili izan dira, eta urteetan zehar, batzuk tokiz aldatu dituzte edo zabaldu egin dira. Beraz, norena da zabaldu den zati hori? Normalean jabetza pribatuetan sartzen baitira: “Guk dioguna da herri bideak ezin direla galdu, mantendu egin behar dira. Gero, beste kontu bat da zelan erabiltzen edo ordenatzen diren”.

Auzo bideak zaintzeko ardura auzo horietako bizilagunek izan badute, jabetza auzotar horiena ez ote den galdetu zion herritar batek. “Auzo bideak eta herri bideak gauza bera dira”, erantzun zuen “kolektibotasuna” azpimarratuz: “Beste auzo batera joateko, beste auzotar batzuek egindako lana aprobetxatzen da. Auzorik auzora joateko, denen lana egon da”. XVI. mendeko foru legeetan ere horrela jasotzen zela azaldu zuen.

Sarritan, jabetza publikoa eta pribatua bereizteko, dokumentu nagusi moduan eskriturak erabiltzen dituzte herritarrek, baina, sarritan, ez dira iturri fidagarriak: “Eskriturak norbere jabetza eta albokoarenak bereizteko egiten dira. Denona den hori ez da jasotzen. Herri bideek ez dute eskriturarik”

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!