Mañariko plaza blues doinuek hartuko dute zapatuan. Emilo Arsuaga gitarrista, armonika-jotzaile eta abeslaria buru duen The Mads Reeds taldeak kontzertua emango du plazan, zapatuan,19:00etan.
Uda iristearekin batera, Elorrioko Turismo Bulegoak bisita gidatuak eta ordutegia berritu ditu. Uztailari eta abuztuari begira, Elorriok jende guztiari zuzendutako bisita gidatu elebidunen aldeko apustua egin du. Bisiten helburua herriko txokorik enblematikoenak eta bereizgarrienak ezagutzea da, eta uztaileko eta abuztuko asteburu guztietan gozatu ahal izango dira.
Eñaut Aiartzaguena Bravo ilustratzaile iurretarrak mendi irteeretara akuarelak eramateari ekin zion duela urtebete inguru. Orain, lan horien erakusketa antolatu du Urkiolako Parke Naturaleko parketxean.
Vega Asensio Herrero (Durango, 1978) eta Edu Ogando Arregi (Legazpi, 1976) Abadiñon bizi diren zientzialari bi dira. Biologoa eta ilustratzailea da lehenengoa. Fisikaria eta irakaslea bigarrena. Haien zereginetariko bat Garain erakusgai dagoen Zientzia Kalean erakusketa lantzea izan da. Paneletako infografiak Asensiok eta bere NorArte estudioko lankideek diseinatu dituzte. Ogandok aholkularitza lanak egin ditu infografietan azaltzen diren hainbat gairen inguruan. Herritarrak deitu dituzte, Garaira joan eta panelekin "harritzera".
Zornotzako kuadrillek eta Matrailu gaztetxeak hitzordu bereziak prestatu dituzte jai hauetarako. Kuadrillen eguna datorren barikuan, uztailaren 22an izango da. Matrailu gaztetxeak hainbat egunetako egitaraua prestatu du.
Uztailaren 15etik uztailaren 24ra Otxandioko jaiak ospatuko dituzte eta gaur egin dute publiko aurtengo egitaraua. Musikari dagokionez, Kerobia, Dupla eta Zirkinik Bez taldeen kontzertuak izango dira, besteak beste.
Gaur goizean Zornotzako Udalak 2022ko Karmen eta Santanatxu jaiak aurkeztu ditu. Jaiak uztailaren 15ean hasi eta uztailaren 27an amaituko dira.