Hileta zibilak erregulatzen dituen araudia udan jarri gura dute indarrean

Joseba Derteano 2017ko mar. 23a, 10:41

Ekitaldi hauek Zornotzako Udaleko Etxano Aretoan edota Zelaieta Zentroko Erabilera Anitzeko Gelan egingo dira arau orokor bezala.

Zornotzako Udalak aurtengo udatik aurrera heriotza baten osteko agur edota omenaldi zibilak egiteko udalaren lokalak erabiltzea arautuko du. Proposamen honetan ari dira lan egiten udaletxeko talde politiko guztiak zornotzarren eskaera bati erantzunez.

Eskatzaileek mota honetako ekitaldia burutu ahal izateko beharrezko agiriak aurkeztu beharko dituzte. Ezin izango da gorpurik egon ekitaldia burutzerakoan baina bai ostera, errauts-kutxatila.

Ekitaldi hauek Zornotzako Udaleko Etxano Aretoan edota Zelaieta Zentroko Erabilera Anitzeko Gelan egingo dira arau orokor bezala. Salbuespenez, alkateak baimena eman dezake beste leku batean egiteko.

Agur edota omenaldi zibilak egiteko ordutegia ondokoa izango da: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 21:00etara, eta larunbatetan 09:00etatik 14:00etara goizez, eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldez. Ekitaldiak gehienez ordubete iraun ahal izango du.

Senide edo lagunek lokala modu bereziren batean apaindu nahi badute, Zornotzako Udalari jakinarazi beharko diote behar besteko aurrerapenarekin, honek egoki deritzona erabaki dezan. Apaindura horrek betiere tokiko harmonia eta ezaugarriak errespetatu beharko ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!