Bernako auzotarren eskaerak Aldundira helarazi ditu udalak

Joseba Derteano 2017ko ots. 27a, 11:38

N-634 errepidean, Berna auzorako sarreraren inguruan obretan dabiltza. Aldundiak bidea berrantolatu eta biribilgune bat egingo du Bernako ermitaren parean. Lan horien ondorioz, Bernako autobus geltokietan ez da autobusik geratzen eta Durango-Zornotza norabidean ezin da Berna eta Bernabeiti auzoetara sartu kontrako erreia gurutzatuta.

Lanak amaitzen direnean ere ezingo da norabide horretan auzo bietara zuzenean sartu, biribilgune berria beherago doalako eta, ondorioz, ez duelako auzoetarako loturarik izango. Auzotarrek Eubaraino joan beharko dute noranzkoa aldatzera.

Udal ordezkariak auzotarrekin batu zirenean eragozpen horiek jaso eta Aldundira helarazi zituzten. Udalak honakoa proposatu zuen: ezkerretara sartzeko aukerari eustea, handik 400 bat metrora garatzeko asmoa dagoen industrialde bat egin arte. Hori egitean, hantxe aldatuko lukete noranzkoa auzotarrek Eubaraino joan beharrik barik.

Biribilgune berriaren helburua istripu arriskua gutxitzea da. Orain, Durango-Zornotza norabidean doanak gasolindegitik joan behar du, errei biak gurutzatuz, baina azken urteetan hainbat istripu egon dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!