Karmen jaien gaineko iritzi eta ekarpenak jasotzeko prozesu parte hartzailea hasi dute

Anboto 2017ko ots. 24a, 13:00

Herritarrei galdetegi bat banatu diete buzoietan. Horrez gainera, herriko elkarte eta eragileekin eztabaida mahaiak deituko dituzte.

Herritarrek jaien gainean duten iritzia jakin gura du udalak eta horretarako prozesu parte hartzaile bat abiatu du. Parte hartzeko hiru modu aurreikusi dituzte. Lehenengo eta behin, herritar guztiei galdetegi bat utziko diete postontzian. Zornotzarrek, galdetegia jaso ondoren, beraien iradokizunak Zelaieta Zentroan utzi ahal izango dituzte otsailaren 24tik martxoaren 17ra arte. Udaleko web orriaren bidez egiteko aukera ere izango dute. 

Horrez gainera, eztabaidarako hiru mahai deituko dituzte herriko kultur eta kirol elkarteekin, dendari eta ostalariekin, gazteen elkarteekin eta guraso elkarteekin. Azkenik, telefono bidezko inkesta bat egingo dute herritarrekin  aurreko prozesu bietatik ateratako ondorioak berresteko. 

EH Bilduren “harridura”

Gaurko udalbatzarrean, eskaera eta galderen atalean, EH Bilduko Xabier Irakulis zinegotziak bere “harridura” agertu du parte hartze prozesuaren nondik norakoak publiko egin direlako, eurek testu definitiboa jaso aurretik. Batzordean adostasunak eta partaidetza bilatuz jardun izan dutela azaldu du eta EH Bilduk hainbat ekarpen ere helarazi dituela. Baina prozesua diseinatzeko etapa amaituta, “kanpotik enteratu gara martxan dagoela eta ez zaigu bidezkoa iruditzen”, salatu du.

EAJko Mitxel Etxebarriak azaldu du prozesua ahalik arinen martxan jarri gura zutela denboraz justu samar zebiltzalako eta “barkamena” eskatu du. Andoni Agirrebeitia alkateak zehaztu duenez galdetegiak EH Bilduk zein Hiri Ekimenak egindako ekarpenak jasotzen ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!