Gizarteratze teknikariaren lanean sakontzeko diagnostikoa, Oruen

Joseba Derteano 2016ko urr. 27a, 10:21
Orueko eskaintza gizarte arloan zentratzen da.

Gizarte arloko elkarte edo erakundeetan gero eta ohikoagoa da gizarteratze teknikariaren lana. Azken urteetan, hezitzaile profil ezberdinen beharra hazi egin da, eta horien artean dago gizarteratze teknikariarena. Hala ere, oraindik nahiko profil berria da —1995ean sortu ziren arlo horretako ikasketak—,  eta ez da lanpostu ezaguna.

Horregatik, lanpostuko funtzioak zehazten jarraitzeko eta ikastetxeko eskaintza beharrizanetara egokitzeko, diagnostiko bat egiten dabil Orue eskola bere 10. urteurrenean.

Ikastetxetik irtendako gizarteratze teknikarien lehen belaunaldia iazkoa izan zuten. Zenbait elkartetan praktikak egiten zebiltzala, lanpostuaren definizio sakonagoa, zehatzagoa eta xehatuagoa behar zela ohartu ziren Maitane Muñoz irakasle eta trebakuntza osagarriaren arloko arduradunaren esanetan: “Hainbat elkartetako ordezkariekin batu ginen, eta gizarteratze teknikari askoren artean inkestak egin genituen. Behar nagusiak definitzea zen helburua. Gehienbat trebakuntza beharrak zeudela ikusi genuen”. Horren arabera diseinatu dute aurtengo trebakuntza eskaintza.

Jardunaldiak
Diagnostikoak hiru fase ditu. Lehenengoa trebakuntza osatzera bideratu dute, eta bigarrenaren helburua lanpostuaren funtzioetan sakontzea izango da. Horretarako, jardunaldi batzuk antolatu dituzte 2017 hasierarako, urtarrilaren 10a gizarteratze teknikarien nazioarteko eguna da eta: “Hausnarketarako gune bat izango da”. Azkenik, ekainean, diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!