Droga eta alkoholemia-kontrol baten atzeman zituzten bost gizonezkoak Zornotzan. Zeramaten ibilgailuan hamaika ordenagailu aurkitu zituen Ertzaintzak, horietako batzuk lapurretan egin zuten enpresako pegatina batekin markatuta. Arteako industrialdean kokatutako enpresan lapurtutako ordenagailuak zirela baieztatu ondoren atxilotu zituzten bost gizonezkoak, indarrez lapurretan egitea leporatuta.
Arteako industrigunean enpresa bateko alarma piztu zela abisatu deia jaso zuen bart gauerdia pasata Ertzaintzak. Durangoko Ertzaintzaren komisaldeko patruila bertaratu ziren eta bertako bulegoetan ikusi zuten sarera konektatuta zeudela ordenagailu-eramangarrietarako hainbat kargagailu. Enpresaren jabearekin hitzegin ondoren argitu zuten ordenagailuak lapurtu zituztela.