Donejakue Kostaldeko Bidearen bost etapa antolatu dituzte gazte zornotzarrei zuzenduta

Anboto 2016ko uzt. 25a, 09:00

Interesaturik dauden 18 eta 25 urte bitarteko gazteek aukera izango dute itsasaldeko eta nekazaritzaren arloko Euskadik, edota hiritarrak eta landatarrak bat egiten duteneko hurbileko tokiak ezagutzeko, kultura eta kirol jarduerak konbinatuz.

Zornotzako Udalaren Ametx erakunde autonomoak Donejakue Kostaldeko Bidearen bost etapa egiteko ibilaldia antolatu du gazte zornotzarrei zuzendurik, Gipuzkoako kostaldean hasi eta Bizkaiko mendebalderainoko tartea burutzeko aukera eskainirik.

Lehenengo etapak Irunen izango du hasiera eta bosgarren eta azkena Gernika-Lumon amaituko da. Lehenengo lau etapak egin ondoren, aterpetxeetan egingo dute lo ibiltariek eta bosgarrenean, berriz, Zornotzaera itzuliko dira.

Izena emateko epea uztailaren 29ra artekoa da, Zelaietan. Inskripzioa egin nahi dutenak goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara Gazteentzako Informazio Bulegora hurbil daitezke eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara Gazte Txokora. Taldean ere eman daiteke izena, hiruko taldeetan gehien jota. Jarduera honen prezioa, beherapenak ezarrita, 120 €-koa da.

Ekimena burutzeko, 15 lagun behar dira gutxienez eta 25, berriz, gehien jota. Donejakue Bidearen bost etapa egingo dira, eta aurreikusita dago hurrengo deialdi batzuetan ibilbidea osatuz joateko aukera.

Ibilgailu baten laguntza izango dute ibiltariek motxila handienak eramateko eta beraiek zama arinagoaz ibili ahal izateko. Gosaria, bazkaria eta afaria ere emango zaie. Ibiltariek edariaz eta ibili bitarteko jatekotxoez arduratu beharko dute.

Egunean 20 kilometro inguru egingo dira. Horretarako, garrantzi handia dauka janzkerak eta oinetakoek, egokiak izan behar baitute. Izena ematean, partaideek ekarri beharreko materiala zehazten duen informazio orria emango dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!