Nafarroa, Errioxa, Araba zein Gipuzkoara joan daitezke Master Kaiolako txapelak

Anboto 2016ko uzt. 22a, 12:30
Babesle eta antolatzaileak finalak aurkezten, eguaztenean, Zelaieta zentroan egindako prentsaurrekoan.

Zornotzan Master Kaiola lau t’erdiko pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte zapatuan, 18:00etatik aurrera. Hiru hiletan 73 partidu jokatu dituzte 100 bat pilotarik, eta horietako lau bakarrik daude bihar txapela janzteko aukerekin. Ez dago bizkaitarrik tartean. 22 urtez azpikoan Arabara edo Errioxara joango da txapela, eta gazteetan Nafarroara edo Gipuzkoara.

Gazte mailako finala Iraitz Zubizarreta lazkaotarraren eta Peio Etxeberria uhartearraren artekoa da. Zubizarretak finala errepikatuko du. Iaz, kadete mailan, galtzea egokitu zitzaion. Aitor Aranguren gehiago izan zen bai Zornotzan bai hiru aste lehenago Tolosan elkarren kontra  jokatutako beste final batean. Aurten Tolosako txapelketa irabazita dator Zubizarreta, eta iaz Arangurenek lortutakoa errepikatzen saiatuko da. Pedro Etxebarria uhartearra izango du parez pare. Biek merezita egin dute finalera arteko bidea, eta adituek final estua espero dute.

22 urtez azpiko mailan Errioxako eta Arabako pilotari bana lehiatuko dira: Adrian Prado najerarra Mikel Larrañaga zaramagarraren kontra. Espero zitekeen finala da. Pradoren dohainek pilotazaleen arreta erakarri dute txapelketan jokatutako lehenengo partidutik bertatik. Etxeberriak ere bizi erabiltzen du pilota, txispadun pilotaria da, eta ez da kasualitatez heldu finalera.

Gazte mailako irabazleak, txapel preziatuagaz gainera, 600 euroko saria irabaziko du, eta azpitxapeldunak 450 eurokoa. 22 urtez azpiko onenak 800 euro jasoko ditu, eta txapeldunordeak 600 euro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!