Jazza eta ganbera-musika, Eleizetan zikloa ixteko

Anboto 2016ko mai. 27a, 14:22
2014an kaleratu zuten 'Djaliya' diskoa aurkeztuko dute Cissokok eta Goetzek.

Asteburu honetako bi emanaldiekin amaituko da Zornotzako aurtengo Eleizetan musika zikloa. Maiatzeko bost egunetan, auzoetako baselizetara ganbera-musikaren zuzeneko emanaldiak ekarri ditu ziklo horrek.

Jatorri desberdinetako bi musikari elkartzetik sortutako proiektua izango da entzungai bihar, San Antonio Elgezabal baselizan. Ablaye Cissoko kora-jotzaile eta abeslari senegaldarra eta New Yorken bizi den Volker Goetze tronpetista alemana dira musikariak. Jazza eta Senegalgo musika uztartzen dituzte. Youssou N’Dour-en kontzertu baten aurretik jo zuten Cissokok eta Goetzek lehenengoz, 2001ean, eta ordutik dihardute elkarrekin .

Afrikako griot tradizioko “berben maisuei” omenaldia egiteko 2014an kaleratu zuten Djaliya diskoa aurkeztuko dute Cissokok eta Goetzek, Zornotzan. Hamabost kantako errepertorioa eskainiko dute.
Duela lau urte ere Eleizetan zikloaren barruan jo zuen Brussels Virtuosi taldeak itxiko du, domekan, Zornotzako aurtengo Eleizetan. Maiatzaren 29an, 12:15ean, Etxanoko Andra Mari elizan izango da hitzordu hori.

Marc Grauwels flautista belgikarraren ekimenez sortu zuten, 1981ean, Brussels Virtuosi taldea. Musikari gazteek osaturiko ganbera-orkestra da, eta ordutik, hainbat kontzertu eskaini dituzte munduan zehar, hainbat bakarlari ezagunek lagunduta. Domekan, Zornotzan, Marc Grauwels flautista, Jean-Frédéric Molard biolinista eta Vincent Hepp biola-jotzailea izango dira bakarlariak.

Cimarosaren, Stamitzen, Mendelssohnen eta Brévalen konposizioak eskainiko ditu Brussels Virtuosik Zornotzan, eta hurrengo egunean, maiatzaren 30ean, Bartzelonako Palau de la Musican arituko da.

Eleizetan programako beste hiru emanaldietan bezala, asteburuko bi kontzertuetara joateko ere autobus berezia jarriko dute. Gudari kaletik irtengo da autobusa; bihar San Antonio Elgezabalera, eta etzi Andra Mari elizara joateko.

Musikari gazteek osaturiko ganbera-orkestra bat da Brussels Virtuosi

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!