Bernagoitia auzoko jaiak indarberrituta datoz aurten

Anboto 2016ko mai. 6a, 11:51

Gaur hasi eta domekara bitartean, jaiak ospatuko dituzte Bernagoitia auzoan. Aspaldiko urteetan ez bezala, ekitaldiz betetako hiru egun izango dira. Berpizte hori hainbat gaztek aurten sortu duten Bernagoitia kultur elkartearen eskutik etorri da.

Orain 20 bat urtera arte Bernagoitiko jaiek oihartzun handia zuten. Benito Lertxundi lako musikarientzat txiki geratzen zen pilotaleku irekia, eta munduko tiragoma txapelketa ere bertan jokatzen zen. Goitibehera lasterketa zen jaietako beste ekitaldi arrakastatsuetako bat. “Baina gazteak herritik joaten hasi zirenean, jaiek indarra galdu zuten”, gogoratzen du Serafin Bediaga bernagoitiarrak. Auzo txiki bateko jai handiak antolatzeko hauspoa falta zen. Harrezkero, jaiak ospatu izan dituzte, baina formatu xumeagoan eta egun bakarrean.

Bernagoitia kultur elkarte berriak jaien garai bateko loria berreskuratu gura du. Ez hori bakarrik; urtean zehar ere hainbat ekintza antolatu eta auzolana bultzatu gura dute. Oraingoz, jaiekin hasi dira. Auzoan bizi diren 16 gaztek sortu dute elkartea, eta urtarriletik martitzenero batu dira. Asteburu honetan denen gozagarri egongo diren ekitaldiak lan horren emaitza dira: “Aurtengo jaiak nahiko tradizionalak izango dira, denboraz justutxo ibili gara eta. Baina, aurrera begira, jaietan bereziak izan diren ekimenak berreskuratu gura ditugu”, azaldu du elkarteko Josean Pardok.

Gaur kalejira eta pregoia
Gaur, 18:00etan, kalejiran igoko dira auzoko plazara, Zornotzako joaldunek eta Durangoko txalapartariek lagunduta. 20:00etan pregoia irakurri eta txupinazioa jaurtiko dute, eta afalostean Zornotzako Zirkinik Bez taldeak kontzertua eskainiko du.

Eskoziako musika
Zapatua herri jolasekin (txinga eroateak…) hasiko dute, 12:00etan, eta ostean, baba janean batuko dira. 19:00etan, Imanol Ituiño mago ezagunak saioa eskainiko du, eta 20:00etan, poteoan irtengo dira Abandotik etorritako batukada talde batek lagunduta.  22:00etatik aurrera, musika izango da protagonista. Lehenengo, Harry Bird and Kate Theodore taldeak Eskoziako doinuak ekarriko ditu, eta ostean, Durango eta Berrizko lagunek osatutako Storm taldearen txanda izango da.

Pilota partidu bertsotua
Domeka goiza txistulariek eta Beñat Ugartetxea eta Felipe Zelaieta bertsolariek girotuko dute. Ondoren, 12:00etan, gaztetxoek pilota partidua jokatuko dute, tarteka bertsolarien aholku errimatuek lagunduta. Igel-tokagaz eta txapel jaurtiketagaz amaituko dituzte jaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!