Europako musika eskolen topaguneetako bat izango da Zornotza

Anboto 2016ko mai. 5a, 09:03

Gaurtik zapatura Europako musika eskolen Emusik jaialdiko hiru kontzertu eskainiko dituzte Zornotzako Herriko plazan.

Europako musika eskolen Emusik jaialdiaren XII. edizioaren egoitzetako bat izango da Zornotza, gaur hasi eta maiatzaren 7ra. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren programazioaren barrukoa da jaialdia, eta hiru kontzertu ekarriko ditu, maiatzaren 5etik 7ra, Zornotzako plazara —euria bada, Zornotza Aretora.

Gaur izango da lehenengo emanaldia: Eslovakiako Zus Jana Fischera-Kvetona musika eskolako dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera egongo da, 18:00etan. Zubiaur Musika Eskolako dantza klasiko eta hip-hop-funky taldeko partaideek lagunduta arituko dira. Bihar, maiatzaren 6an, 18:30ean, Kataluniako L’esplufonica banda sinfonikoaren eta Alemaniako Grooving High Big Band taldeen txanda izango da.

Azkenik, Suitzako Monkish musika taldea eta Orchester der MS Brugg gitarra taldea, eta Gironako Torroella de Montgri herriko musika eskolako banda eta abesbatza etorriko dira Zornotzan aritzera, maiatzaren 7an, 11:30etik aurrera.

Zornotzako Musika Eskolako irakasle eta ikasleek eta ZIK abesbatzak ere parte hartuko dute kontzertuetan. Europako 8.500 musika ikaslek hartuko dute parte jaialdian, eta 120 emanaldi eskainiko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!