Betarragane inguruko urbanizazio lanak amaitu dituzte. Asteon eman dute azken faseko lanen berri. 8.000 metro karratuko eremuari eragin diote lanek. Oro har, aparkalekuak gehitu —19 plaza—, Karmen kaleagaz lotzen duen bidegorria amaitu, azpiegiturak hornitu eta orotara 6.000 metro karratu hartzen duten gune berdeak atondu dute.
Betarraganeko lanek denera lau milioi euroko inbertsioa izan dute; horietarik 800.000 euro erabili dituzte azken fasean eta lanek bost hile iraun dute. Gune horretako zelai baten aurreikusita dago etorkizuneko Urgozo kiroldegi berria. Gainera, inguru horretan dagoen txakurrendako gunean bidegorria amaitu dute eta esertzeko banku bi eta zaborrontzia jarri dituzte, erabiltzaileen eskaerei erantzuteko.
Aurrera begira, Betarragane Karmen kaleagaz lotuko duen autoendako bidea amaitzea falta da. Asmo hori bultzatuko dutela adierazi du Andoni Agirrebeitia alkateak, baina ez dago udalaren esku. Lehenengo promotore pribatuek sektore horren garapena egin behar dute.
Udal ordezkariak eta proiektua aurrera eraman duten arduradunek Betarraganeko lanen gaineko azalpenak eman dituzte gaur.
Betarragane eta Karmen kalea lotzen dituen bidegorria:
Txakurrendako guneko bidegorria; esertzeko banku bi eta zakarrontzia gehitu dizkiote: