Zornotzan mahai-jokoen jaialdia antolatuko dute asteburuan

Anboto 2015ko aza. 24a, 12:15

Aurten seigarren aldia egingo du. Iaz 1.200 lagun baino gehiagok parte hartu zuten Zelaieta Zentroan garatu zen jaialdiak. Sarrera doakoa izango da.

Datorren zapatuan eta domekan Mahai Jokoen 6. Jaialdia garatuko dute Zelaieta Zentroan Ametx Erakundeak zein GrupoHaleta Forjadores elkarteek antolatuta. Herritar orori zuzendua, ekitaldiak mota honetako aisialdia sustatzea du helburu.

Mahai-jokoak entretenitzeko ez ezik adimena lantzeko zein talde lanean sakontzeko tresna ere badirela erakutsi gura dute aurten. Bide horretan ‘joko serioa’ deritzen dinamikaren onurak ezagutzeko aukera egongo da. Mahai-jokoek, besteak beste, ikasketa prozesua zein estimulazio kognitiboa hobetzeko elementu gisa zelan erabili daitezkeen azaltzeko hitzaldi bat eta tailer bi antolatu dituzte. Bide horretan, arreta lantzeko eta taldean lan egiteko tailer bana antolatuko dituzte.

Oro har, adinaren arabera banatutako lau gune izango dira Zelaieta Zentroan goizetik arratsaldera: 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Esaterako, 4-9 urte arteko umeei zuzendutako familiarentzako txoko bat egongo da, etxeko txikienekin jolasteko aukera emango duena eta baita nagusientzako ludoteka orokor bat ere.

Era berean, Star Warsen oinarritutako jolaserako gune bat egokituko dute. Bertan ehiza-hegazkinetako pilotu izatera, inperioko lerroetan barrena sartzen diren errebelde maltzurrak izatera edo espazio sakonean borrokatzen diren ontzi flota bateko almiranteak izatera jolastu ahalko da.

Ametx erakundeak antolatutako ekitaldian, tailerrak, salmenta postuak, mahai-jokoen arloko nobedadeen aurkezpenak, txapelketak, mahai-jokoen zozketak eta euskara sustatzeko gune bat ere egongo dira. Guztira 40 jarduera baino gehiago eta 1.000 jolas baino gehiago dituen ludoteka bat izango da bertaratzen direnentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!