San Juan kaleko langileek ez dituzte babes neurriak erabiltzen, EH Bilduk salatu duenez

Anboto 2015ko aza. 23a, 14:25

Anbulatorio berriaren ondoko urbanizazio lanetan diharduten langileak babes neurri barik (bururako kaskoa, belarrietako babesa…) dabiltzala-eta “arduratuta” agertu da EH Bilduko Leire Ugarte gaurko udalbatzarrean eta arazoa konpontzeko eskatu du.

Udalak Lasuen enpresari esleitu zizkion San Juan, Konbenio eta Lehendakari Agirre kaleetako urbanizazio lanak. “Egunero” errepikatzen den zerbait dela adierazi du Ugartek: “Langileek ez dituzte lanerako babes neurriak erabiltzen. Ez kaskorik, ez belarrietako babesik… txalekoa bakarrik”. Gaurko udalbatzarreko galdera eta eskaeren atala baliatu du egoera horren aurrean duten kezka erakusteko: “Guk ez dugu horrelako ardurarik nahi gure ardurapean. Udalak kontratatu du Lasuen enpresa, beraz gure ardura da lanerako babes neurriak betearaztea”. Udal arduradunei egoera horren berri jakinarazi dietela dio, “baina egoerak berdin jarraitzen du”.  Arazoa “behingoz” konpontzen ez bada “beste bideren bati ekin beharko diogu”.

Andoni Agirrebeitia alkatearen esanetan,“badakizue behin baino gehiagotan joan garela eurengana, eta berriro ere joango gara”. Egoeraren aurrean “beste neurri batzuk” hartzeko prest agertu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!