Motorra gurpiletan egokituta duen ibilgailu elektrikoa aurkeztu dute AICn

Anboto 2015ko urr. 13a, 13:58

Berrikuntzak dakarren abantaila nagusia gainealdean irabazten den espazioa da. Bigarren belaunaldiko autoak diseinatzerako orduan espazioa kudeatzeko aukera berriak eskaintzen dituela azpimarratu dute gaurko aurkezpenean.

Automozioaren inguruko 13 enpresek elkarlanean —Eunice izeneko proiektuan— jardun dute teknologia berria garatzen eta lau urteko lanaren emaitza gaur aurkeztu dute Zornotzako AIC zentroan: motorra gurpiletan egokituta duen ibilgailu elektrikoa. Berrikuntza horrek gidatzerako orduan erraztasunak eskaintzen ditu, baina, batez ere, abantaila bat azpimarratu dute: gaineko aldean irabazten den espazioa. “Maletategia aurrera eraman daiteke edo aurrean zein atzean… espazio asko geratzen da nahi dena egiteko”, proiektuko zuzendari Alberto Peñaren esanetan. Peña proiektuan parte hartu duen 13 enpresetako bat den Tecnalia enpresako automozio arduraduna ere bada. Gaur erakutsi duten autoak bateria gainealdean zuen, baina autoaren azpiko aldean egokitzea da asmoa oraindino espazio gehiago irabazteko.

Gaur eguneko ibilgailuetara gehitu daitekeen teknologia da, baina “potentzialik handiena zerotik hasitako ibilgailuetan ikusten dugu, 2020ra bitartean etorriko diren bigarren eta hirugarren belaunaldiko ibilgailuetan”. Teknologia berria “erabat funtzionala dela” segurtatu du Peñak, eta hiru-lau urtean merkatuan egon daitekeela.

Teknologia berria interesatu ahal zitzaien autogile enpresekin urtero batzartu dira, enpresa horien beharrizanak jakin eta eskakizun horiek aintzat hartzeko: “Joan zen astean mundu mailako autogile enpresa bati aurkezpen pribatua egin genion eta jakin izan dugunez oso ‘feed back’ ona izan zen”.

AICk Europa mailako proiektu honetan izan duen ardura emaitzak automozio sektoreko zein handik kanpoko agenteei zabaltzea izan da. 2025ean ibilgailuen %15a hibridoa izango dela kalkulatu dute eta %3a elektrikoa, AICko zuzendari teknikoa den Mikel Lorenteren arabera.

Alberto Peña azalpenak ematen ezkerretara Mikel Lorente duela: 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!