'Amore' laburmetraiak irabazi du KINE zineklubeko lehen lehiaketa

Anboto 2015ko urr. 8a, 13:22

KINE zineklubak antolatuta, KINE Rallyaren lehenengo edizioa egin zuten, joan zen zapatuan. Film laburren lehiaketa. Zuzenzinema izeneko taldearen Amore lanak jaso du 500 euroko lehenengo saria, eta “oso oso pozik” daude antolatzaileak. Lehenengo edizioan dena ondo atera zelako, eta parte-hartze handia izan delako. Denera, zortzi lan aurkeztu dituzte lehiaketara.

Bariku arratsaldean egin zuten lehiaketaren aurkezpena, eta 25 ordu eman zizkieten parte-hartzaileei film laburrak egiteko. Gai libreagaz jardun ziren zinezaleak. Zapatu iluntzean entregatu zituzten parte-hartzaileek filmak, eta domeka eguerdian egin zuten emanaldia eta sari banaketa.  

Zinekluba ere martxan
Zinezale talde horrek antolatuta, ikasturteko zineklub zikloari ere ekin diote, aste honetan. Zetaren bidea zikloa egingo dute hil honetan, Japoniako zinemaren laginak ardatz hartuta. Martitzenean, Retratos de familia animazioko filma eman zuten, eta 13an eta 27an, El viento se levanta eta Aguas tranquilas emango dituzte, hurrenez hurren. Zornotza Aretoan, martitzenetan, 20:00etan, izaten da hitzordua, eta hileko filmak ikusteko, 9 euroko bonua dago aukeran.

Lau urte dira Zornotzan KINE Zinekluba elkarte kulturala sortu zutela. Galduta zeuden Zornotza Aretoko martitzeneko emanaldiak berreskuratzeko helburuagaz elkartu ziren dozena erdi lagun. “Bestelako zinema mota bat ikusteko aukera bermatu gura genuen”, dio Oihane Amantegi kideak. Gaur egun, dozena bat lagun ibiltzen dira antolakuntzan, eta ikuslego finkoa daukate.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!