Kultura japoniarrak Zornotza hartuko du asteburuan

Anboto 2015ko urr. 6a, 15:22
Mitxel Etxebarria eta David Murillo gaurko aurkezpenean.

Mangamore jaialdian 100 ekitaldi baino gehiago antolatuko dituzte barikutik domekara, sei gunetan banatuta. Nobedadeen artean daude, besteak beste, robotikari eskainitako tailer eta hitzaldiak, Harry Potter filmeko Quidditch kirol motan oinarritutako torneoa zein Umore Horia programa gogoraraziko duten gaztetxeontzako probak. Bless 4 Japoniako musika talde ezagunaren kontzertua da jaialdiko beste interesguneetako bat.

Aurten 9. aldia egingo du Mangamore jaialdiak. Hasierako urteak mangaren munduan zentratzen ziren, baina gaur egun hori baino askoz gehiago da. Mangaren mundu partikularretik abiatuta, herrialde oso baten errealitatea hurretik ezagutzeko aukera eskaintzen du: gastronomia, musika, zientzia, kirola… Iaz 12.000 bisitari izan zituen eta aurten ere herriko hotelak beteta daudela adierazi dute. Eta urtea joan eta urtea etorri, Zornotzan gero eta txertatuago dagoen jaialdia da. Izan ere, zornotzarrak ikusle soil izatetik jaialdiko parte izatera pasatu dira, Mitxel Etxebarria zinegotziak eta David Murillo teknikariak gaur azaldu dutenez. Horren erakusgarri dira, Yaiza Guerra zornotzarrak manga munduaren gainean sortutako koadroen erakusketa, Ukabilak taldearen karate erakustaldia zein Luis Urrngoetxea kaleko 11 tabernek pintxo japoniarrak dastatzeko eskainiko duten aukera.

Aurten 100 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte barikutik domekara. Gaiaren arabera sei gunetan —pilotalekuan, Zelaieta Zentroan, Zelaieta parkean eta Luis Urrengoetxea kalean— banatuko dituzte. Ekitaldi bat besteen gainetik bereiztea zaila da, nork bere gustuak dituelako. Musikari dagokionez, Bless4 lau anai-arrebek osatutako taldea etorriko da. Hemen ez dira ezagunak, baina Japonian izarrak ei dira. Beste hainbeste esan daiteke Ruki-Chan valentziarrari buruz ere. Japoniako musika lehiaketa bat irabazi zuen eta aurpegi ezaguna da herrialde hartan.

Berrikuntza teknologikoei dagokionez, aurten lehenengoz robotikari buruzko tailer eta hitzaldiak antolatuko dituzte. Batez ere gazteei zuzenduta egongo dira. Hiru dimentsioko inpresora batekin erakustaldiak egingo dituzte eta Okulus Rift izeneko betaurreko batzuek errealitate birtuala barru-barrutik bizitzeko aukera eskainiko dute.

Quidditch torneoa ere nobedadea da. Ez du jatorri japoniarra, baina jaialdiaren filosofiarekin bat datorrela uste dute. J. K. Rowling idazleak Harry Potterren mundurako sortutako kirol mota da. Katalunia, Madril, Toulouse, Araba eta Bizkaiko sei talde etorriko dira. Eta ez, ez dute hegan egiteko erratz magikorik.

Gaztetxoei begirako eskaintzan ere badago nobedaderik. Umore Horia abilezia programa ospetsuko pare bat proba ekarriko dituzte; esaterako, segidan jarritako arrabol erraldoiak pasatu guran parte hartzaileak zilipurdika erortzen ziren proba ezagun hura.

Eta hamaika ekitaldi gehiago: Pokemon lehiaketa, Dragoi Bola eta Doraemon filmen euskarazko emanaldiak, Star Wars filmeko jantziekin argazkiak ateratzeko aukera, play station jokoak, Japoniatik etorritako DJ-en saioak, Akita eta Shiba Inu txakur arrazen lehiaketa… 

 

EGITARAU OSOA ETA GUNEAK

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!