Karmele Larruzea: "Osabak 'Gora Euskadi Askatuta' esan zuenean errematatu egin zuten"

Anboto 2015ko ira. 4a, 12:07

Mendatako baserri baten ondoan zauriturik zegoela errematatu zuten faxistek Pedro Uriguen gudari zornotzarra. Bere heriotzaren kontakizuna belaunaldiz belaunaldi horrela transmititu dute Uriguenen familian.   Joan zen astean, Paco Etxebarria Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak familiak seinalatutako lekutik haren hezurrak atera zituen. Senitartekoek emozioz bizi izan zuten momentu hori.

Nor izan zen Pedro Uriguen?
Nire osaba izan zen, gure amaren neba.

Zein ibilbide izan zuen Mendatan hil zuten arte?
Otxandio batailoian Oizetik ihesi etorri ziren asko. Baina, asko. Goitik bonbak jaurti, eta harrapatu egin zituzten. Hartara, nire osaba zaurituta gelditu zen. Ondoan baserri handi bat zegoen. Bertakoek beldur handia zuten, baina, sabaian leiho bat zegoen,  atzeko aldera ematen zuena, eta dena ikusi zuten handik. Frankistak heldu zirenean, zaurituta topatzerakoan hauxe esan zion batek, kapitainak-edo: “Dinos viva España”, eta osaba isilik gelditu zen. Bigarrenez ere esan zioten: “Dinos viva España”. Hirugarrenez esan ziotenean, “Gora Euskadi askatuta!” erantzun zien, eta errematatu egin zuten. Inguru hartan hainbat egon behar dira lurperatuta, asko hil zituzten eta.

Nork lurperatu zuen?
Baserrikoek lurperatu zuten, gauean. Dokumentazioa kendu zioten, eta beste guztiarekin lurperatu zuten. Horrela, lehenengo momentutik jakin genuen non zegoen. Gure aitak eta amak beldur handia zuten, eta ezer gutxi esan ziguten. Baina, gero, osaba Mendatan zegoela hasi ziren esaten, eta txiki-txikitan hara joaten hasi nintzen ni neu ere, osabekin eta Txiletik etorritako beste osaba frailearekin. Baserrira joan garen guztietan oso ondo tratatu gaituzte.

Esan zizueten lekuan egon dira arrastoak?
Kokapenari buruz, ez dugu zentimetro baten ere hutsik egin Aranzadikoak etorri direnean.

Zelan jakin zenuten gertatutakoa?
Lurperatu zutenek, dokumentazioa hartu, eta Larrako komentura eraman zuten, nor edo nork ezagutzen ote zuen galdetzera. Larran  baietz esan zieten, ezagutzen zutela. Hiru anaia fraile zituela erantzun zieten, eta leku onera joan zirela galdetzera. Dokumentazioa jaso zuten, eta horrela jakin genuen dena.

Zuk momentu horretan hiru urte zenituen. Bederatzi urteko zure ahizpa bertara joan zen.
Amama eta izekoagaz joan zen, eta non lurperatu zuten ikusi zuen. Gorosti bat zegoen, eta hantxe ipini genuen gurutzea. Arbola hura jausi egin zen, eta orain urte bi, 75. urteurrenean, lehengusinen artean gurutze berria eraman genuen bere argazkiagaz. Txiki-txikia nintzen, eta ez daukat horren akordurik, baina etxean entzundako dena ondo grabatuta geratu zait.

Familian gertatutakoa jakin izan duzue. Zergatik erabaki duzue momentu honetan indusketa egitea?
Nire izeko batek bere nebatxoa atera gura zuela esaten zien beti alabei. Baina, gastu handia zelakoan geunden. Ondoren, broma baten ondorioz, ekimen hori bururatu zitzaidan niri.  Ezagun batzuek argazki zahar bat eskatu zidaten. Argazkia erakutsi nien, eta galdetu zidaten ea osabaren hezurrak ekartzea inoiz ez dugun pentsatu. Garestia izango zela erantzun nien nik. Orduan, euretako batek, bidea zabalduko zidala esan zidan, eta Aranzadiko lagun batekin hartu-emanean jarri zen. Gero, ahaztuta egon gara. Larrabetzun beste gorpu bat ateratzen zebiltzan, eta Vicente Larrozeak galdetu zien ea zornotzakoarekin zer gertatzen zen. Aranzaditik deitu, eta eguenean aterako zutela esan zidaten.  

Zelan gogoratzen duzu osabaren hezurrak lurpetik atera zenituzteneko momentu hori?
Paco Etxebarria eta bere emaztea  beharrean ibili ziren. Dena argitu zenean, hezur denak arratsaldean aterako zituztela esan zigun. Haiek garbitu, eta Donostiara eraman dituzte analizatzeko. Antza denez, landa bazterrean zegoenez, behiak  inguruan ibili, eta dena zapalduta zegoen. Hezur batzuk lekuz kanpo aurkitu zituzten. Masailezurra, adibidez, hanken inguruan zegoen. Baina, haginak-eta, ondo bereizteko moduan. Koilara bat eta sardexka bat ere bazeuden, argi-argi ikusten ziren. Hantxe zegoen osaba, bai, esandako lekuan.

Zer sentitu zenuen une horretan?
Lasaitasuna eta poz itzela eman zidan. Dena amaitu zenean,  “Gora Euskadi!” ozen oihukatu, eta Eusko Gudariak abestu genuen.

Hainbesteko ikusmina espero zenuten?
Ez, ez genuen hainbeste jende espero. Mendatako alkateak oso ondo hartu gintuen. Ikurriña ere eraman zuen, hantxe ondoan ipintzeko. Lehengusina batek lorak eraman zituen. Gauza dotorea izan zen. Pertsonaia ezagun asko etorri ziren. Oso atseginak izan ziren guztiak, andrak zein gizonak. Oso pozik gelditu gara.

Aranzadik DNA azterketa egin eta gero, zein asmo duzue?
Panteoia prest dugu, hezurrak berehala emango zizkigutela uste genuen eta.

Zure familiak zelan bizi izan du egoera hau?
Lehengusinek panteoia dute, eta haien amak gura izan zuen, batez ere, hezurrak hona ekartzea. Gerra sasoian hemen gauzak txarto zeuden, eta beldur handia genuen. Gu ere ume asko izan gara, eta umeek badakizu zer egiten duten. Etxean entzuten dutena kontatu. Gurean beldur itzela zegoen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!