Zornotzan Jauregizahar parkea ireki dute, baina azterketekin jarraituko dute

Anboto 2015ko ira. 2a, 10:52
Jauregizahar parkea

Abuztu hasieran arkakuso izurri bat agertu zen Jauregizahar auzoan eta parkea itxi zuten. Harrezko hainbat bider fumigatu dute parkea eta eguazten honetan irekita dute berriro herritarrentzako.

Arkakuso izurria erabat kontrolpean dagoela adierazi dute udaletik, azken azterketak hori adierazten duen emaitzak eman dituela, baina horrek ez du esan nahi ekintza denak amaitu dituztenik. Gai horietan aditua den enpresak gune hartako egoeraren gaineko azterketak egiten jarraituko duela jakinarazi dute. 

Arkakuso izurria sortu zenean, izurriaren iturria aurkitzeko ikerketak hasi zituzten, eta, udalak jakinarazi zuenez, inguruko lonja partikular batean izan du sorburua. Lonja hori zigilatu eta garbitu egin zuten.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!