Euskara nahierara ikasteko eskaintza zabala Zornotzako AEK, udal euskaltegi eta barnetegian

Anboto 2015ko ira. 1a, 16:00
Ezkerretik hasita: Mitxel Etxebarria euskara zinegotzia, Idoia Zuluaga udal euskaltegiko zuzendaria, Andoni Agirrebeitia alkatea, Zornotzako Barnetegiko Mikel Etxebarria eta Julio Aranguena Zornotzako AEKko arduraduna.

Gaur hasi da izen-ematea eta euskararen irakaskuntzan diharduten herriko eragileek aurtengo eskaintzaren berri eman dute.

Oro har, beharrizan desberdinak asetzera bideratutako eskaintza zabala aurkeztu dute. Ikasturtea egituratzeko orduan ikasleen nahiak eta eskariak kontuan hartu dituzte eta hiztun berriak sortzen ahalegintzeaz gainera, euskaraz aritzeko uneak eta guneak ahalbidetzen saiatuko dira, erabilerari bultzada bat eman guran.

Erakunde bakoitzak bere eskaintza propioaren berri eman du. Idoia Zuluaga Zornotzako udal euskaltegiko zuzendariak urtero-urtero eskaintza eskarira moldatzen saiatzen direla azpimarratu du eta bide horrek emaitza onak ekarri dizkiela. Horrela, ikasleek eskatutakoari jarraituz, azken urteetako joera asteroko ordu kopurua jaistea izan da; hamar ordutik zortzira lehenengo eta seira ondoren; egunean ordu eta erdi astelehenetik eguenera: “Jendeak bere bizitzako ordu gutxiago eman gura ditu toki zarratu batean. Hori zen eskatzen zutena”. Ordu murrizketa horrek ikasketa prozesuaren luzapena dakar eta egoera horri erantzutera dator aurtengo proposamen berria, ‘Jardun biko irakaskuntza’ deritzena. Aukera honekin, ikasleek ordu gutxiago emango dituzte klasean —astean ordu eta erdiko hiru klase— eta ohiko ikasketa prozesuari eusteko gainerako lana eta ahalegina nork bere kaxa egingo ditu; bakarkako lan horrek 60 bat ordu izango ditu eta hamabostean behin tutoretza jasoko dute. Eskaintza berri horregaz batera, sei orduko –astehelenetik eguenera, ordu eta erdiko klaseak— ohiko talde irakaskuntzari ere eutsiko diote.

Horrez gainera, helburu berezietarako askotariko ikastaroak eskaintzen jarraituko dute. Esaterako, iaz etorkinei zuzendutako Aisa ikastaroari jarraipena eman gura diote eta dendari, tabernari, guraso talde edo jubilatuei zuzendutakoak (60 ordukoak) ere aukeren artean daude.

Aurreko urteetan legez, lanbagetuek udaletik diru-laguntzak jasoko dituzte udal euskaltegirako: matrikula eta ikasturte osoko kurtsoa 10 euroan egiteko aukera dute.

AEK eta ‘euskara praktikoa’

AEKren leloa ‘euskara praktikoa’ da, euskararen erabilpenari ematen dioten garrantziaren erakusgarri. Euskal hiztun berriak sortzeaz gainera, euskararen ezagutzaren eta erabileraren artean dagoen aldea murriztea da helburuetako bat. Eremu horretan “burubelarri” lan egiteko asmoa dutela adierazi du Julio Aranguena Zornotzako AEKko arduradunak: “Euskara erabiltzeko da, kalean, lagunartean, seme-alabekin edo lanpostuan”. Horrela, barikuetan “euskaraz ahalik erosoen eta lotsa barik” praktikatzeko aukera eskainiko diete ikasleei.

Aurten lehenengoz hiru orduko ikastaro trinkoak ere eskainiko dituzte, jende batek “ikasteko presa” izaten duela ikusten dutelako. Euskara edozein egoera komunikatibotan zuzen eta egoki erabiltzeko laugarren maila ere aurtengo eskaintzaren barruan dago. Eta klasera maiztasunez etorri ezin duenarentzako autoikaskuntza aukera ere badago, tutore baten laguntzagaz.

Urtero legez, aurten ere ikasleen beharrizanetara egokitzen saiatu direla adierazi du Aranguenak: “Batzuk azterketa gainditu gura dute lanposturako, besteek seme-alabekin jarduteko ikasi nahi dute, jubilatuak ere etortzen dira…”. Esparru zabalari erantzuteko eskaintza osatzen saiatu dira.

Barnetegia, ikastaro trinkoak oinarri

Zornotzako Barnetegiaren eskaintzaren oinarria neguko eta udako ikastaro trinkoak dira. Hilabetez neguan eta hamabostaldika udan egunean 24 orduz euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen dute.

Horrekin batera, maila denetan aurrez aurreko zein autoikaskuntzarako aukera eskaintzen dute. Autoikaskuntza ikastaroetan, urrian hasiko direnez, ordura artekoa da matrikulatzeko epea hasierako mailetatik eta C1 mailaraino. Modalitate horretan “ikasleen premiei eta ordutegiei egokitzen saiatzen gara”, adierazi du Zornotzako Barnetegiko Mikel Etxebarriak.

Era berean, barnetegiak maila guztiak lantzen ditu, hasiera-hasieratik —A1 deritzona— EGArainokoak eta baita handik gorakoak ere (HABE 4 edo C2).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!