Beharra dutenentzako janari bilketa egingo dute uztailaren 25eko herri lasterketan

Anboto 2015ko uzt. 22a, 09:00
Umeen mailatik nagusien mailara bitarteko lasterketak izango dira.

Zornotzako Korrikalariak klubak IV. Jai Lasterketa antolatu du uztailaren 25erako, herriko Karmen jaien barruan. Aurten, kutsu solidarioa emango diote ekimenari, eta Acción Social Amorebietarentzako janari bilketa egingo dute. Norbanakoez osatutako Zornotzako talde horrek beharrizanean dauden herritarrei laguntzeko lan
egiten du.


Neguan ere talde horregaz elkarlanean ibili zirela azaldu du Sergio Fernández Zornotzako Korrikalariak klubeko presidenteak: “Neguan janari asko biltzen dutela, baina udan joera hori jaitsi egiten dela esan ziguten, eta, horregatik, gure lasterketaren bidez laguntzea pentsatu genuen”.

Izen-ematea doakoa da, eta aurrez egiteko epea uztailaren 23an amaituko da: zornotzakokorrikalariak@gmail.com. Baina egunean bertan ere eman daiteke izena. Lasterketen egunean janaria batzeko postu bat jarriko dute izena emateko gunearen ondoan.

Hasiera eta helmuga puntua udaletxe pareko plazan egongo da, eta partaideak adinaren arabera banatuko dituzte; lasterketa laburrak direnez, ibilbidea San Migel kaleko biribilguneen artera mugatu dute.

Probako lehen parte-hartzaileak kuadrillen arteko challengean parte hartzen dutenak izango dira, 18:30ean. Ondoren, 19:00etatik 20:00etara, hamar minuturo, mailaz maila irtengo dira. 19:40an hasiko den proba, ostera, berezia izango da: Ekin Amorebietaren bidez, Urduñako ikastetxean uda igarotzen dabiltzan 12-14 urte arteko 27 sahararrek  parte hartuko dute. Gizarteratzen laguntzeko helburuz antolatu dute lasterketa eta herritarrei eurekin korrika egiteko deia egin dute antolatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!