Senegalgo eskola bat berrizten laguntzeko jaialdi solidarioa Orue eskolan

Anboto 2015ko uzt. 7a, 09:43

Zapatuan jaialdi berezia egingo dute Orue eskolan. Senegalen 238 ume hartzen dituen eskola bat berrizteko materiala biltzea eta kontzientziazioan sakontzea izango da jaiaren helburua.

Zornotzako Orue eskolako Goi-mailako Gizarteratze zikloko ikasleek antolatuko dute Jaialdi Solidarioa, Afrika Bizirik elkartearen eta Laiene jatetxearen laguntzagaz. Zapatuan, 11:00etatik 14:00etara egingo dute Orue eskolako azpiegituretan. Merkatu solidarioa, Afrikako janarien dastaketa eta zuzeneko musika afrikarra izango dira jaialdiko osagaietako batzuk.

Senegalgo Niomré herrian 2007an eraiki zuten eskola batek dituen gabeziei aurre egiteko materiala zein ekarpen ekonomikoak jasotzea da jaialdiaren helburua. Eskolak 238 ikasle ditu sei kurtsotan banatuta. Eraikinak sei gela ditu eta horietako bat lastoz eginda dago. Gainerako geletako teilatuak ere ez daude egoerarik onenean haize indartsuen eta euriteen ondorioz. Eskola materiala ere behar dute; esaterako, liburu bakoitza bost ikasleren artean elkarbanatzen dute.

Beraz, jaialdiagaz edozein motatako ekarpenak (ekonomikoa, materiala, aulkiak, mahaiak…) batu gura dituzte eskola berrizten laguntzeko. Eskubide berdintasunaren aldeko kontzientziazioan ere sakondu gura dute.

Proiektu honetan parte hartu duten denentzako telefono bi bideratu dituzte: 619 465 252 eta 632 313 313.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!