Enrike Renteria pintura lehiaketaren XVIII. edizioa burutuko dute uztailaren 12an

Anboto 2015ko uzt. 6a, 13:05

Zornotza Arte eta Kultura elkarteak (SACZ) antolatu du Enrike Renteria pintura lehiaketaren XVIII. edizioa, eta elkarte horren egoitzan aurkeztu dute, gaur, aurtengo edizioa.

Uztailaren 12an burutuko dute Enrike Renteria kaleko pintura lehiaketa, eta egun horretan emango dute jakitera herriko balkoietan ipinitako artelanen Zintzilik lehiaketaren saridunak nortzuk diren ere.

Zornotza Arte eta Kultura elkarteko Joseba Fernandezek gaurko aurkezpenean azaldu duenez, dagoeneko hasi dira margolariek Zintzilik lehiaketan parte hartzeko bidali dituzten lanak herriguneko balkoietan ikusgai ipintzen; 28 margolan jaso dituzte, aurten. Uztailaren 12an egingo duten kaleko pintuta lehiaketan, bestalde, 40 partaide inguru espero dituztela azpimarratu dute aurkezpenean. Herriguneko paisaiak euren koadroetan jasotzeko lanean ariko dira artista horiek. Andoni Agirrebeitia alkateak azpimarratu duenez, "herriko jaien atarian, herriari kolorea eta giroa emango dio" beste urte batez, Enrike Renteria pintura lehiaketak.

Enrike Renteria lehiaketaren parte hartzaileek, uztailaren 12an, 09:00etatik 10:00etara, Zelaieta zentroan, zigilatuko beharko dituzte euren koadroak egiteko erabiliko dituzten oihalak; eta lanak amaituta, 16:00etatik 17:00etara bitarteko epea edukiko dute koadroak lehiaketara aurkezteko.

Zazpi lan sarituko dituzte kaleko pintura lehiaketan; lehenengoak 500 euroko saria jasoko du, 400ekoa bigarrenak, 350ekoa hirugarrenak, eta 300 euroko saria edukiko dute laugarrenak, bosgarrenak eta seigarrenak. Zintzilik lehiaketan parte hartzeko euren lanak bidali dituztenen artean, bestalde, lau sari banatuko ditu epaimahaiak. Aurten, zornotzar batek aurkezturiko lanik onenak sari berezia izango du.

Domekan, 18:00etan, emango dituzte jakitera, bai Enrike Renteria eta baita Zintzilik margo lehiaketaren saridunen izenak ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!