Zaparrada, Haizetara jaialdiko parte hartzeaz: "Izugarri disfrutatu genuen"

Anboto 2015ko uzt. 1a, 13:24

Euren herriko nazioarteko musika jaialdian, Zornotzako kale musikarien Haizetara jaialdian, eskainitako ikuskizunagaz gustura geratu dira Zornotzako Zaparrada batukada taldeko kideak. Izan ere, ekainaren 19tik 21erako asteburukoa jaialdiaren hamargarren urteurrena izanik, lehiaketaz kanpo emanaldi berezia eskaintzeko proposamena jaso zuten. Durangoko Sugarri fanfarriagaz batera eskaini zituzten emanaldiak, eta, Ruben Pascual taldekidearen berbetan, “izugarri” disfrutatu zuten: “Talde handiak dira biak, jotzeko modu desberdinak dauzkagu, eta biak uztartzeak bazituen zailtasunak, baina oso balorazio positiboa egiten dugu”.


Zornotzar askok bezala, gogoz itxaron dute Zaparrada taldekoek Haizetara jaialdia. Pascualek azpimarratu du kontziente direla, herrikoak izango ez balira, ez luketela Haizetaran jotzeko aukerarik izango. Oso esker oneko daude, “babesa eta berotasuna” jaso dutelako Zornotzan jo duten aldiro.

Sanba brasildarra da Zaparradakoen errepertorioan nagusi: “Indar eta intentsitate handiko kantak” eratzen saiatzen dira taldekideak, publikoa “piztea” dutelako helburu. 20 eta 30 urte arteko hogei lagunek osatzen dute, gaur egun, Zaparrada taldea, eta, kide gehienak zornotzarrak diren arren, Durangaldeko eta Bilboaldeko hainbat kide ere baditu taldeak.

Ipurtargi gazte asanbladatik sortu zuten, duela zazpi urte, batukada taldea. “Kontsumismotik eta indibidualismotik aparte alternatibak” sortu guran zebiltzan gazteak, eta Zaparrada taldea sortzea erabaki zuten. “Taldekide gehienak musika hezkuntza jaso bakoak ginen, eta hori ilusioagaz konpentsatu genuen”, oroitu du Pascualek.

Zazpi urteotan, partaideen joan-etorri handia izan da taldean, eta krisialdi bat ere gainditu dute. “2012. urtean, taldekide kopuru murritzak kolokan jarri zuen proiektua, eta taldea desegiteko aukera ere izan genuen esku artean, baina, azkenean, beste taldekide batzuk etorri ziren, eta euren gogoak eta ilusioak lagundu zigun taldea suspertzen”.

Uztailean, Sopelan (Bizkaia) eta Behobian (Gipuzkoa) joko du Zaparrada batukadak, besteak beste. Uda ostean, doinu berriak sortu eta aurrerapausoak ematen jarraitu gura du taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!