Osasun zentroaren ingurua ‘bulevar’ ikuspegiagaz urbazinatuko dute

Anboto 2015ko mar. 30a, 09:00

Osasun zentroaren ondoko San Miguel eta San Juan kaleak berriz urbanizatuko dituzte. Trafikora bideratuko espazioa txikitu eta oinezkoendako espaloi eta azpiegiturak handituko dituzte, inguruari ‘bulevar’ itxura eman nahian.

San Miguel eta San Juan kaleetan egingo dituzte lanak. Ez kale osoan, Osasun Zentro berriaren inguruan baino; hau da, San Miguel kaleari dagokionez, Kaitana albaitaritza dagoen paretik birilgunera, eta, San Juan kaleari dagokionez autobus geltoki biak dauden inguruan.

“Aldaketarik handiena bisuala izango da”, Amagoia Madariaga zinegotziaren esanetan. Orain, San Miguel kalean  eta herrigunerako noranzkoan karril bi daude —sasoi batean autopistarako sarrera nagusia horixe zen—, eta obren ostean bakarra egongo da. Beraz, karril banagaz geratuko da noranzko bakoitza. Oro har, trafikora bideratuko espazioa murriztu eta oinezkoei zuzendutakoa handituko dute. Espaloiak zabaldu eta zuhaitz landaren ilarekin atonduko dituzte. San Juanen markesinak aldatuko dituzte eta gune osoak zabaltasunean irabaziko du.

“Osasun zentro berriak eragindako lanak dira; beharrizan berriak eragin ditu, inguruko urbanizazioa eskatzen du eta abagunea  aprobetxatuta Zornotzako gune horri beste ikuspegi bisual bat eman gura diogu, bulevar izaera”.

Lanek 800.000 euroko kostua izango dute. Prozedura orain abiatuta, lanak 2015a amaitu aurretik esleitu gura dituzte, 2016a hasteagaz batera martxan ipini daitezen. Bost hileko exekuzio epea izango dute. Osasun zentro berriaren eraikina 2016ko udarako amaitzea aurreikusita dago eta, urbanizazio lanak ere epe horretaran amaitu gura dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!