Zornotzak bizikleta gainean egingo dio ongietorria udaberriari

Anboto 2015ko mar. 25a, 15:08
David Latxaga alkatea, Andoni Agirrebeitia alkateordea, Mikel Txarte (BBK) eta Antonio Barrena (El Correo)

Asteburu honetan hiru lasterketa lehiatuko dituzte eta, apirilaren 12an, Udaberri Klasikoa.

Zornotzako kaleak txirrindulariz beteko dira datozen asteburuetan. Bihar eta etzi, kadete, gazte eta 23 urtez azpiko mailetako lasterketa bana hasi eta amaituko dira Zornotzan, eta, apirilaren 12an Udaberri Klasika prestigiotsua lehiatuko dute.

Urtero legez, Amorebieta txirrindulari elkarteak antolatuko ditu proba guztiak. Udaberri Klasikoak 61. aldia izango du eta 09.25ean hasiko da. Iazko moduan, ez da Autzaganetik igaroko han egiten dabiltzan lanen ondorioz. Beraz, 171 kilometroko lasterketan bigarren mailako Muniketa izango da mendate bakarra. Hiru bider igoko dute; behin Arrianditik eta birritan Zugaztietatik. Hiru igoerak lasterketaren azken 50 kilometroen barruan daude; seguruenik atsedenerako tarterik gabeko ibilbide gorabeheratsu horretan erabakiko da lasterketa.

Hamabi taldek eta 100 txirrindulari inguruk parte hartuko dute. UCI World Tourreko Movistar izango da talderik indartsuena; kontinental-profesional mailako Caja Rural taldea kenduta (Peio Bilbao, iazko irabazlea talde honetan dago), gainerakoak kontinental mailakoak dira. Tartean Murias taldea dago, Mikel Bizkarra mañariarragaz eta Egoitz Garcia atxondarragaz.

Goizean zehar, 11:00etatik aurrera, gazteen artean txirrindularitza sustatzeko ginkana  bat antolatuko du Bizkaiko Txirrindularitza Federazioak Zelaieta Zentroaren inguruan; 7-17 urte artekoek parte hartu ahal izango dute.

Asteburuko lasterketak
Bihar, 10:00etan, Lehendakari Txapelketaren barruan, 23urtez azpiko lasterketa izango da. 126 kilometrotan, Lemoa-Usansolo-Erletxes zirkuitua hirutan osatuko dute eta, ondoren, Muniketatik birritan igaroko dira.

Domekan gazte eta kadete mailako lasterketa bana lehiatuko dituzte. Gazteen proba 10:30ean hasiko da eta 87 kilometroko ibilbidea osatuko dute; kadeteak 16:30ean hasiko dira lanean 46 kilometroko ibilbidean osatzeko.

Gazte mailako taldeen aurkezpena
Amorebieta txirrindulari elkarteak kadete eta junior mailako zein eskola mailako taldeen aurkezpena ere egin zuen eguaztenean Zornotza Aretoan. Momentuz 30 neska-mutiko dabiltza hiru taldeetan. Aurten Ekin-Ner Group enpresa izango dute babesle.

Gazteen taldea:

 

Kadeteen taldea:


Eskola mailako taldea:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!