Astepe auzoko azpiegiturak hobetzeko prozesua hasiko dute barikuan

Anboto 2015ko ots. 25a, 15:10

Astepe auzoan dauden hirigintza gabeziak hobetu gura ditu udalak eta hori gauzatzeko prozesua hasi du. Arau subsidiarioetan aldaketa puntual bat eginda, udalak gune hartako lurrak lortzea da aukera bat, ondoren hobekuntza lanak egin ahal izateko. Prozesuaren nondik norakoak azaltzeko, dauden aukerak mahai gainean ipintzeko eta herritarren ekarpen eta iritziak jasotzeko batzar irekia egingo dute barikuan, 13:00etan, Etxano Aretoan.


Astepe auzoko —batez ere 18-25 zenbakien artean— hainbat gabezia jasotzen ditu arkitekto talde batek udalarentzako egindako azterketak. Batetik, espazio publikoen “gabezia” azpimarratzen du. Bestetik, autoak aparkatzeko  plazen “eskasia” dagoela dio; ondorioz autoak araututa ez dauden tokietan aparkatzen dira, espaloietan esaterako. Astepeko eraikuntza batzuei iaz egindako azterketek azaleratu zituzten “patologia garrantzitsuak” ere gogoratzen ditu txostenak.

Beraz, komenigarri ikusten dute espazio publikoak eta gune berdeak zabaldu eta saneatzea, aparkaleku guneak berrantolatzea eta inguru hartarako irisgarritasuna hobetzea.

Horretarako, txostenak hainbat alternatiba proposatzen ditu, baina bat besteen gainetik nabarmentzen du: arau subsidiarioetan aldaketa puntual bat egin eta inguru hartako lurrak (1.230 metro karratu) udalak lortzea; horrek udalari hobekuntza lanak egiteko eskumena emango lioke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!