Zornotzako Gure Esku Dagoren ekitaldian herritarrak protagonista

Anboto 2015ko urt. 28a, 09:45

Joan zen zapatuan azaldu zituzten aurtengo helburu eta zereginak. Herritarrek lepo bete zuten Zelaieta Zentroko auditoriuma eta aurkezpenean herriko jende ezagun askoren laguntza izan zuten.

Joan zen larunbatean Zornotzako Gure Esku Dago herri dinamikak 2015. urterako ekimenak aurkeztu zituen Zornotzan, Zelaieta Zentroan. Aurtengo helburua ezberdinen arteko borondatea jostea da. Horretarako, oihal zatiak pertsonalizatu, josi eta hautestontzi erraldoi bat egingo da, ekainaren 20an herrialde bakoitzak bere hiriburuan erakutsiko duena. Herriz herri eta auzoz auzo jositako oihal zatiak oihal bakar eta koloretsua osatuko dute.

Bideo baten bitartez aurten izango diren ekitaldien berri izan ostean, eginbeharrekoak hobeto ulertzeko ariketa praktiko bat egin zuten eszenatokian eta horretan ere hainbat herritar ezagunek parte hartu zuten: Siren taldeko Onintze eta Jokin; Javi Renobales aktorea; Miren Larrea txotxongilo aktorea; Unai Ormaetxea bertsolaria; Iratxe tabernaria; Anton Mardaraz herritarra; Iraia Garcia korrikolaria, Eider eta Irati herriko umeak...

Zapatuan bertan, aukera egon zen oihal zatiak hartu eta pertsonalizatzeko. Batzuk, oihal zati handiak eskatu zituzten euren txokora, lantegira edota familia artera eramateko. Umeek ere izan zuten euren txokoa kanpoan jarritako karpako tailerretan; nagusientzat sagardoa eta pintxoak dastatzeko aukera ere izan zen.

Egindakoari errepasoa

Ekitaldian, gainera, 2014ko Giza Kate erraldoia ekarri zuten gogora. 1.500 zornotzar izan zen 4. kilometroan, Abadiñon, eta hori gogoratzeko bideo eta argazkiak erakutsi zituzten. Aurkezpenean, herritarren dinamika den heinean, zornotzarrak izan ziren protagonista. Ekitaldia gidatzen ibili ziren Eider Bilbao EITBko kazetaria eta Rafa Ugalde Udal Euskaltegiko zuzendaria, biak zornotzarrak.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!