Bizkaiko sagardo denboraldia hasi dute Uxarte sagardotegian

Anboto 2015ko urt. 21a, 17:09
Bizkaiko ekoizleak Aitor Elizegi sukaldariagaz (Argazkia: Lehior Elorriaga)

Bascook jatetxeko Aitor Elizegi sukaldariak egin du lehen txotxa

Bizkaiko Sagardogileen Elkartea osatzen duten 10 upategiek aurtengo txotx denboraldia abiatzeko ekitaldia egin deet gaur eguerdian Zornotzako Uxarte sagardotegian. Aurtengo ekoizpena 150.000 litrokoa izan da eta den-dena Bizkaiko sagarrarekin egindakoa dela nabarmendu dute.

Bascook jatetxeko Aitor Elizegi sukaldaria izango da aurtengo Bizkaiko sagardoaren enbaxadorea eta berea izan zen lehenengo txotxa. Bizkaiko sukaldaritzan eta sagardoan sinesten zuela azaldu eta sagardo hornitzaileek erakusten duten gertutatasuna azpimarratu du: “Zuen ondoan egongo naiz behar duzuenerako”.

Uxarte sagardaogintzako buru eta Bizkaiko Sagardogile Elkarteko presidente Jose Antonio Zamalloaren esanetan iaz uste zutena baino %30 sagar gutxiago jaso zuten “neguko hotz faltagatik”, baina “upategietara heldu den sagarra oso osasuntsua izan da, eta hori kalitatearen sinonimoa da botilan”. Ondoren, aurtengo sagardoaren ezaugarriak azaldu ditu: “Kolore hori bizia du, batzutan tonu berdeekin. Freskoa eta usaintsua da; ahoan arina, baina ibilbide luzekoa, zerbitzean apar fina duena eta erraz edatekoa”. Sagarra “mimatu eta zaintzen” duten ekoizle txikien  lana goraipatu du: “Helburua kalitatezko markadun sagardoa lortzea dugu, merkatuan modu lehiakorrean kokatzea ahalbidetuko diguna. Kalitate handiko produktua dugunez egin dezagun lana jendeak gero eta gehiago ezagutu gaitzan”.

Zornotzako Udaleko David Latxaga alkatea eta Andoni Agirrebeitia alkateordea ekitaldian izan dira eta baita, besteak beste, Aldundiko Nekazaritza Sailako diputatu Irene Pardo, Jaurlaritzako Nekazaritza Sailako kalitate zuzendaria den Peli Manterola eta Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko presidente Arantza Eguskiza ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!