Jose Felix Gallastegi, Amorebietako entrenatzailea: "Laguntza apur bategaz, baikor izatekotan gaude"

Anboto 2015ko urt. 21a, 11:40

Joan zen astean, Amorebietako gazteen entrenatzaile zela jaso zuen Jose Felix Gallastegik lehen taldearen ardura hartzeko deia. Josué Atelak dimititu egin zuen, eta bere etxeko taldeari ezin zion ezetzik esan Gallastegik. Bigarren B Mailako sailkapenean hamabosgarren postuan dago taldea, jaitsiera postuetatik gertu, baina aurrera begira baikor agertu da entrenatzailea. Huesca liderraren aurka zuzendu zuen lehen partidua, eta pozik dago, berdinketa lortu zuelako taldeak. Emaitza on horren biharamunean, astelehenean, erantzun zien ANBOTOk eginiko galderei.



Orain arte gazteak entrenatzen ibili zara. Lehen taldea hartzea erronka bat da?
Erronka handia, eta zelako ardura, gainera! Herrikoa naiz, eta presioa ez dut esango, baina ardura hori sentitzen dut. Beste talde batean egon izan banintz, ez nuke gauza bera sentituko. Behartuta sentitzen nintzen. Ni, hemen, Urritxen hazitakoa naiz. Hasieran jokalari, gero entrenatzaile, bazkide ere banaiz aspalditik... Laguntza eske nigana badatoz, zer esango diet, bada?

Zein izango da zure metodoa? Zer eskatuko diezu jokalariei aurrerantzean?
Batez ere, denok batera lan egitea eskatuko diet orain jokalariei. Aldagelan igartzen da giro ona dagoela, eta jokalariek batera lan egitea gura dutela. Informazio askorik ere ez diet emango; eurek badaukate, gainera, esperientzia nahikoa. Pare bat gauza esatea nahikoa izan ahal da, eurak oso lehiakorrak direlako.

Liderraren aurka berdindu zenuten joan zen asteburuan, Huescan. Ez duzu txarto baloratu, ezta?
Ez. Sekulako partidua izan zen. Eurek talde itzela daukate, profesionalak-eta fitxatu dituzte, eta igotzeko asmoa dute. Horregatik daude lehenengo, eta oraindik inork ez du irabazi han. Nahiko gaitza izaten da puntuak ateratzea, atea hutsean edukitzea, horrela eustea... Gainera, gure aukeratxoak ere eduki genituen. Hori guztia ikusita, ezin da txarto baloratu.

Sailkapenera begiratuz gero, lehia eta berdintasun handia ikusten da taularen erdialdetik behera.
Denok batera gaude. Joan zen astetik hona, adibidez, postu bat galdu dugu, baina jaitsierako azkeneko postuarekiko alde apur bat handiagoa daukagu. Gure aurreko taldetik ere oso gertu gaude; sei-zazpi talde daude lau puntura. Orduan, hortxe dago borroka. Partidu bat edo bi irabaziz gero, erdialdean eta gorantz begira egon ahal gara. Galduz gero, beherantz begira.  

Beraz, partidu pare bat irabaztea da zuen lehenengo helburua?
Noski. Lehenengo helburua, urgenteena, hortik apur bat irtetea da, arnasa lasai hartzeko. Ahal bada, posible bada. Bestela, borrokan jarraitu beharko dugu amaierara arte.

Denboraldia kontuan hartuz gero, mailari eustea da helburua?
Momentu honetan bai. Hemendik eta jardunaldi batzuetara lasaitasun apur bat hartzen badugu, ikusiko dugu, baina, bitartean, maila mantentzea izango da helburua.

Baikor zaude?
Bai. Batez ere, jokalariak ikusita. Konfiantza daukate euren buruengan. Askok eta askok ibilbide luzea daukate, esperientzia. Badakite jokalari onak direla, talde ona dagoela, eta konfiantza daukate. Guk ere ondo ikusten ditugu, eta, laguntza apur bategaz, baikor izateko moduan gaude.

Hurrengo neurketa, asteburu honetan, Barakaldoren kontrakoa da. Zelan aurreikusten duzu?
Partidu gogorra izango dela uste dut. Gainera, Barakaldo eta Zornotzaren artean badago lehia berezi bat. Iaz Zornotzan ibilitako batzuk han daude, eta guk ere badauzkagu Barakaldotik etorritako batzuk... Saltsa asko dago tartean. Gainera, eurek talde oso gogorra eta indartsua daukate.

Kuriositate lez, otsailean Real Madril Castillaren aurka jokatuko duzue. Zinedine Zidane handia etorriko da Urritxera...
Etorriko da; ez dakit. Nahiko saltsa sortu zen entrenatzaile karneta ba ote daukan, ez ote daukan, ezin dela aulkian jesarri... Ni, orain arte, nire munduan ibili naiz gazte mailan, beraz, ideiarik ere ez. Etortzen bada, bostekoa eman eta ondo, eta bestela ere bai. Berari begira ez naiz ibiliko. Ni ez naiz idoloei-eta begira egotekoa.

Zu ere izan zinen jokalari, Amorebietaz gainera, Sestaon eta Eibarren ere bai, besteak beste. Zer esango zenuke gaur egungo Eibarri buruz?
Ander Garitanogaz lehen eta bigarren mailako baimenak ateratzen ibili nintzen. Bihar etorriko dira [Eibarren aurkako lagunarteko partidua jokatu zuen martitzenean Amorebietak], eta ez dakit berba egiteko moduan izango garen. Baina esatekoa da: azkeneko hogei urte hauetan, futbol munduan ikusi dudan gauza handiena da Eibar egiten dabilena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!