Zientzia eta teknologiaren inguruko lehiaketa irabazi dute Zornotzako Karmengo Ama ikastetxeko ikasleek

Anboto 2014ko abe. 18a, 09:29

Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak 10-16 urte arteko gazteen artean zientzia sustatzeko antolatzen duen First Lego League Euskadi lehiaketa Karmengo Ama ikastetxeko talde batek irabazi du aurten. Joan zen asteburuan Zamudioko parke teknologikoan jokatu zen finala, eta, lehiaketa osatzen zuten proba guztiak batuta, puntuaziorik altuena jaso zuen.


Zazpi ikaslek osatu zuten taldea: Iker Quintanillak, Peio Menak, Maialen Menak, Peio Quintanak, Imanol Herzogek, Julen Andaluzek eta Ander Iturratek. Jabier Mena eta Edurne Oribe irakasleek jardun dute gazteen aholkulari lanetan.

Lehiaketa hiru arlotan zegoen banatuta: proiektu zientifikoa, robota eta bere erabilera, eta lehiaketan zehar erakutsitako balioak (adiskidetasuna eta informazioa partekatzeko prestutasuna, adibidez).  
Proiektu zientifikoan, mugikorretako Whatsapp aplikazioak gazteen artean eragin dezakeen ziberbullyingari aurre egiteko alternatiba bat aurkeztu zuten: mezuetan berba iraingarriak detektatu, eta hirugarren bati (gurasoei edo tutoreei, esaterako) automatikoki birbidaliko liokeen aplikazio posible bat. Eurek diseinatu dute aplikazioa eta Durangoko Maristak ikastetxeak lagundu die garatzen. Horrelako neurriak hartu daitezkeela erakustea zen asmoa, eta defendatu zutenez, oraindik egin ez bada, borondate falta dagoelako da. Euskaraz defendatu zuten euren proiektua epainahaiaren aurrean.

Beste proba batek robot bat diseinatzea eta lehiaketan hainbat misio gauzatzea izan zituen helburu: objektu bat toki batetik bestera mugitzea, adibidez. Robotak lau motor ditu: atzera aurrera egiteko, gora eta behera mugitzen den palanka… Lehiaketako baldintzei jarraituz, lego piezak erabiliz osatu dute egitura. Hainbat sentsore ere gehitu dizkiote: argi, kolore, distantzia eta kontaktuak kalkulatzen dituen sentsoreak.

Euskadiko txapelketa irabazi ostean, martxoan Espainiako txapelketan parte hartuko dute Tenerifen. 2012an ere Karmengo Ama ikastetxeko talde bat izan zen lehiaketako irabazlea; orduan ere Espainiako txapelketan parte hartu zuten eta Europako txapelketarako sailkatu ziren, Alemanian. Munduko proiekturik onenekin orpoz-orpo aritu ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!