Gabonetako egitarau zabala aurkeztu dute Zornotzan

Anboto 2014ko abe. 17a, 13:21
Andoni Agirrebeitia alkateordea, Mirian Arriaga Gazteria arloko teknikaria eta David Latxaga alkatea.

Gabonetako egitaraua aurkeztu dute. Umetxoei eta gaztetxoei begirako egitarau zabala antolatu dute, baina adin guztietarako ekintzak daude. Barikuan, 21:00etan, Zubiaur Musika Eskolako ikasle eta irakasleek kontzertua eskainiko dute.

Ekimen asko umetxoei eta gaztetxoei bideratuta daude Gabonetako “magia eta ilusio horretara batuz gozatu dezaten”, Andoni Agirrebeitia alkateordeak adierazi duenez. Esaterako, abenduaren 26tik 30era, 0-12 urte bitarteko umeei zuzendutako ‘Gabonetan Jai’ programa garatuko dute Zelaieta zentroko pilotalekuan. Goizetan, 11:00etatik 13:30era, eta, arratsaldetan, 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Ume txikiek puzgarri, irrati, musika-jarduera, ohe elastiko, tailer eta hainbat jolasekin gozatu ahalko dute: “Egun batetik bestera tailerrak, puzgarriak eta jolasak aldatuko ditugu”, argitu du Mirian Arriaga Gazteria arloko teknikariak. Sarreren prezioa euro bi da eguneko; bost egunetarako bonoa erosita merkeagoa da: 8 euro.

Horrez gainera, abenduaren 26tik 30era, 10 urtetik gorako gaztetxoentzako askotariko ekintzak antolatuko dituzte Zelaieta zentroko kontzertu gelan (17:00etatik 22:00etara). Mahai-jokoak, bideo-jokoak, slickline, ping-ping… bezalako jardueretan parte hartu ahal izango da.

Adin guztietarako ekintzak

Urtero legez, Gabonetako kontzertua eskainiko dute Zubiaur Musika Eskolako ikasle eta irakasleek abenduaren 19an, 21:00etan, Zornotza Aretoan. Hainbat estilotako lanak eta abestiak eskainiko dituzte, euretako bakoitzari ukitu pertsonala erantsita.

Horrez gainera, Ametx Gazteriako begiraleek gala berezia eskainiko dute abenduaren 20an, Gauero programaren barruan, ‘Nun ikusiot nik zure aurpegixe? III’ izenburupean.

Abenduaren 21ean gabon kantez blai izango dira herriko kaleak, abesbatzek eta txistulariek girotuta, eguerdiko 12:30ean hasi eta 13:45ean Kalbario plazan amaiturik.

Eguberri bezperan Belatixikietako igoera tradizionalean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Abenduaren 24an, 18:00etan, Olentzerori ongi etorria egingo diote.

Abenduaren 30ean GLU GLU produkzioen ‘Hiru Txerritxoak’ ikuskizuna izango da ikusgai Zornotza Aretoan. Bi saio izango dira: 17:00etan eta 19:00etan. Hiru txerritxoen ipuin klasikoa oinarri hartuta, gaur egungo edukiak eta tankerak erantsi zaizkio komedia, jolasa, musika eta dantza konbinaturik, ekoizpen berri honetan.

Urteari agur esateko, berriz, San Silvestre lasterketa herrikoi tradizionala abiatuko da eta. Gauean 2015. urteari ongi etorria emateko, diskoteka izango da 00:15ean hasi eta goizaldeko 3:15era arte.

Eta, urtero bezala, urtarrilaren 5ean Ekialdeko Errege Magoei harrera egingo zaie udalak antolatutako Kabalgatarekin, 17:30ean hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!