Viten Getafek merezitako garaipena lortu du Zornotzaren aurka

Anboto 2014ko abe. 15a, 10:08

Zornotza saskibaloi taldeak 66-75 galdu zuen atzo etxean Viten Getaferen aurka. Fisikoki talde indartsua direla erakutsi zuten madrildarrek.

Lehen laurdena aurretik amaitu zuen Zornotzak (22-18), baina ikusten zen zaila izango zela erritmo horri partidu osoan eustea. Jokalari handiak eta indartsuak ditu Viten Getafek (Fuenlabradaren filiala) eta bigarren laurdenetik aurrera abantaila horri etekina ateratzen hasi ziren. Zornotzak zortzi puntu bakarrik sartu zituen laurden horretan eta zazpi atzetik heldu zen atsedenaldira: 30-37.

Bigarren zatian gogotsu atera zen Zornotza eta Ibon Carretoren bi hirukoitzek puntu bakarrera hurreratu zuten taldea: 46-47. Baina Viten Getafek ez zuen erasoan hutsik egiten eta Zornotza atzetik heldu zen azken laurdenera: 48-53. Azken hamar minutuetan gehiago izan zen Madrilgo taldea. Hamar puntuko abantaila hartu eta hori kudeatu zuten partidua amaitu arte: 66-75. Zornotzako saskiratzaile nagusiak Ibon Carreto (19 puntu), Borovnjak (14) eta Bownam (13) izan ziren.

Orain Zornotza Zilarrezko Adecco Ligako zortzigarren tokian  dago sei garaipen eta lau porrotekin. Eguazten honetan gasteizko Araberri taldea bisitatuko dute 20:00etatik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!