Astepeko eraikin bat egoera txarrean dago eta bizilagunek handik irten egin behar dute

Anboto 2014ko urr. 31a, 17:34
Astepeko bizilagun batzuk gaurko udalbatzarrean pankartagaz

Udalak agindutako azterketa batek dio egiturak “berehalako kolapso arriskua” duela. Bizilagun batzuek aurkitu dute behin behineko birkokapena; beste batzuena udala ari da kudeatzen.

Astepe auzoan, Lemoarako noranzkoan eskumatara, urte asko dituzten hainbat etxe daude. Hamaika etxebizitza dituen horietako eraikin bat egoera txarrean dago eta, arazoa aztertu edo konpondu bitartean, udalak handik irteteko agindu die bertan bizi direnei. Berez, gaur gauerdia da handik irteteko azken eguna eta ondoren beste hamabost egun dituzte altzariak eta bestelakoak jasotzeko. Bizilagun batzuek aurkitu dute behin behineko birkokapena, baina hiru etxebizitzetako bizilagunak oraindino bertan daude. Gaur goizean udaletxean egindako udalbatzarrera joan dira eta udalari birkokapena ahalbidetzeko eskatu diete kalean geratu ez daitezen.

Astepeko etxebizitza horretan bizi direla dioten hiru familia ‘No al desalojo’ zioen pankartagaz joan dira udalbatzarrera. Baina, batzarraren ostean zehaztu dutenez, benetan adierazi gura zutena zera zen: “Ulertzen dugu udalaren jarrera bertatik irteteko eskatuz, arriskutsua izan daitekeelako bertan geratzea. Baina gaur da horretarako azken eguna eta zer egingo dugu? Ez dugu nora joan. Alokairuko etxebizitzen gastuari ezin diogu aurre egin. Tartean ume txikiak daude eta gutxitasunen bat duten pertsonak eta euren familiak ere bai. Birkokapena da eskatzen duguna”, adierazi du Aurora do Anjos bizilagunak.

David Latxaga alkateak dioenez, etxebizitzetatik irteteko azken eguna gaur den arren “malgutasunez jardungo dugu”: “Familia bakoitzarekin hartuemanetan egongo gara, denon artean irtenbide bat bilatzeko. Familia bik dagoeneko utzi dituzte etxebizitzak eta kolapsorako arriskua gutxitu egin da. Udala Bizigune eta Alokabide programen bidez  gainerako familiei irtenbide bat bilatu guran ari da”.

Era berean, argitu gura izan dute “etxebizitza horiek pribatuak” direla, eta “ez udalarenak”: “Beste nonbait gertatu izan balitz arkitekto bat kontratatu eta azterketa udalera bidaltzeko eskatuko genien. Hori da kasu hauetarako ohiko prozedura. Baina bagenekin kasu honetan ez zela hori gertatuko eta udalak hartu du ardura hori”.

Gertaeren kontakizuna

Udalbatzarraren ostean kazetariekin egiten duen batzarrean, Latxaga alkateak Astepeko etxebizitzetan gertatu denaren laburpena egin du. Uztailaren 31n hasi zen guztia. Astepeko etxebizitza horietako bizilagun bati teilatu zati bat erori zitzaion bertan obra txikiren bat egiten zebilela. Urte askoan lizentziarik bako obra asko egin direla adierazi du Latxagak. Kontuak kontu, hurrengo egunean udaltzainak bertaratu ziren. Eraikinean “gauza arraroak ikusi zituzten, inora heltzen ez ziren habeak, esaterako”. Horregatik, irailean teknikari adituek azterketa batzuk egin zituzten udalak aginduta. Aurretiazko txosten horren diagnostikoa hau izan zen: egituran termitak daudela, zabalduta dagoela eta ez duela tratamendu posiblerik. Mugimenduek eragindako bibrazioek egoera okerrera eraman dezaketela azaldu zuten: “Hemen zeozer grabea gertatzeko arrisku erreala dagoela esan ziguten, egitura kolapsatu eta erori egin zitekeela kasurik txarrenean”, Latxagaren berbetan.

Horregatik, udalak bizilagunak bertatik ateratzea erabaki zuen. EHBilduko Fernando Larrinagak ere erabaki hori babestu du gaurko udalbatzarrean: “Egoera zein den jakinda, ezin dugu baimendu barruan inor egotea. Ahalik denbora gutxienean eraikina hutsik geratu behar da arrisku handia dagoelako. Hemen gaudenok subsidiarioki erantzukizun handia izango genuke barruan jendea egoten utziko bagenu”.

Zer gertatuko da eraikin horrekin? “Ezin dugu esan oraindik. Aurretiazko txostena bakarrik oinarri hartuta eraikina botako den edo ez esango bagenu, arduragabekeriaz jokatuko genuke. Azken txostenaren zain egon behar dugu. Eta ondoren, etxebizitzetako  jabeek erabaki beharko dute zer aukera hobesten duten, etxebizitza pribatuak direlako", adierazi du Latxagak.

 

Kolapsatzeko arriskuan dauden etxebizitzak Astepen:

 

 

Gaurko udalbatzarreko irudia Astepeko bizilagunak udalbatzarrera sartu direnean:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!