Xabier Etxeita, Athleticeko jokalaria: "Aspaldi eduki ez ditudan sentsazioak edukitzen nabil"

Anboto 2014ko urr. 31a, 09:06

Cartagenan eta Elxen jokatu ostean, Athleticera itzuli zen iaz Xabier Etxeita (Zornotza, 1987). Orain arte aukera gutxi izan ditu jokatzeko, baina ondo aprobetxatu ditu izandakoak; tartean Almeria garaitzeko gola sartu du. Bizimodu normala egiten saiatzen da, baina solasaldiaren erdian andre bat etorri zaio zoriontzera. Zorioneko dago, gainera, gaur delako bere urteguna.


Zorionak Xabier. Opari polita azken bolada on hau, ezta?
Bai. Ez jokatzetik segidan partidu bi jokatzera igaro, Txapeldunen Ligan debutatu, eta Almeriaren kontra hain garrantzitsuak ziren hiru puntuak lortzeko gola sartu izana pozik egotekoa da. Aspaldi eduki ez ditudan sentsazioak ditut. Aurten gehiago sartu naiz entrenatzailearen planetan, eta erosoago sentitzen naiz. Golak ere konfiantza eman dit.

Valverdek berak ere babestu zaitu prentsaren aurrean.
Egia esateko, eskertzekoa da. Nire lana baloratzen duela ikustea garrantzitsua da.

Almeriari irabazi ostean, zelan ikusten duzu taldea?
Uste dut Almeriaren aurkako partidua ezin dela baloratu partidu normal bat balitz bezala. Ez genuen egin normalean egiten dugun jokoa, emaitzagatik oso estututa egon ginen eta. Taldean normala ez den antsietate puntu bat igartzen zitzaigun. Espero dut partidu horrek inflexio puntu legez balio izana, gure jokoa berreskuratu, eta emaitza onekin astiro-astiro gorantz joateko.

Napoliren kontrako kanporaketa eta gero, zer gertatu da?
Berba asko egin da horretaz. Guretzat oso garrantzitsua izan zen kanporaketa hori pasa izana; denboraldi-aurre osoa hori prestatzen igaro genuen. Oso lorpen garrantzitsua izan zen, eta ematen du taldea hustu egin dela. Gero, aste batzuetan bi partidu jokatuta, nik uste ez ditugula ondo prestatu psikologikoki. Fisikoki ondo egon gara, baina, beharbada, ez gara kapaz izan aste berean partidu biri aurre egiteko. Gainera, partidu bat galtzen duzunean, konfiantza beherantz dator, ez diozu berdin aurre egiten hurrengo neurketari... Futbola mundu bat da, eta gauza askok dute eragina. Geldialdiaren ostean erreflexio bat egin dugu, eta nik uste dut hor irten ahal garela dekadentziatik. Taldea bada kapaz, eta, gainera, gure taldearen ikur bat lana da.

Txapeldunen Ligan, gutxi izan arren, badaukazue aukerarik. Zer esperantza daukazu?
Denboraldi oso baten sari bat da, Europako txapelketa onena jokatzen gaude eta. Badakigu hurrengo fasera sailkatzea oso gaitza izango dela, baina partidu guztiak %100ean jokatuko ditugu. Ezin badugu sartu, ea Europa Leaguera sailkatzeko hirugarren postua lortzen dugun. Ez litzateke emaitza txarra izango.

Txapeldunen Ligako debuta zelan?
Atera kontuak: orain dela urte bi Bigarren Mailan nengoen. Anekdota legez, partidua baino lehen Mikel Ricogaz egon nintzen, eta esan zidan: “Gogoratzen duzu orain hiru urte Bigarren Mailan elkarren kontra jokatu genuela? Orain Athleticen gaude, Txapeldunen Liga jokatzen!”. Nire ilusioa beti izan da Athleticen jokatzea, eta hona etorri izana lan askoren emaitza izan da.

Ligan, Sevilla dator domekan.
Partidu gogorra izango da; oso momentu onean dago. Denbora asko da ez dugula San Mamesen irabazi, eta etxean irabaztea garrantzitsua da guretzat.

Amorebietan hasi zinen futbolean. Jarraitzen duzu taldea?
Emaitzak astebururo ikusten ditut. Zaila egiten zait Urritxera joatea, baina duela aste bi egon nintzen, adibidez. Handik irten naiz, bizi osoa egon naiz bertan, eta bertan debutatu nuen hamasei urtegaz Hirugarren Mailan. Hortik eman nuen Bilbao Athleticerako saltoa, eta gero Athleticera. Beti baloratuko dut taldea.

Herriko saskibaloi taldea ere jarraitzen duzula entzun dut.
Bai! Batez ere giroa gustatzen zait, eta oso entretenigarria da. Lagun asko joaten gara ikustera. Domeka eguerdietan izaten da, eta joateko aukera gehiago edukitzen dut.

Eliteko futbolari batek bizimodu arrunta egitea ez da ohikoa.
Nik ezin dut egin nire kuadrillakoen bizimodu bera, baina saiatzen gara gure gauzak egiten. Duela aste bi, Zornotzatik ibili eta inor ez zen ohartzen; orain, leku guztietan agertzen naizenez, desberdina da. Baina normaltasunez hartzen dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!