Bidaiatzeko ingeles ikastaroa emango dute Nagusi Aretoan

Anboto 2014ko urr. 29a, 10:15

Bidaietan erabiltzeko oinarrizko ingelesa irakatsiko dute ikastaroan. Urriaren 30ean amaitzen da izena emateko epea.

Bidaiatzean aireportuetan, hoteletan, eta abarretan gertatzen diren egoeretan ulertu eta aditzera eman ahal izateko, nork bere burua aurkezteko, beste pertsona batzuekin informazioa trukatzeko edota harremanetan hasteko oinarrizko tresnak irakastea da ingeles ikastaroaren helburua. Bilatzen dena, azken batean, bidaietan jarduteko eta egunero gertatzen diren egoerei aurre egiteko nolabaiteko erraztasuna eskuratzea da, era entretenigarrian eta bariatuan beti ere. 

Ikastaroa ordu eta erdiko zazpi saiok osatuta egongo da. Ostiral arratsaldeetan eskainiko da, arratsaldeko 18:00etatik 19:30era, Nagusi Aretoaren lokaletan, azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, eta abenduaren 5ean, 12an eta 19an hain zuzen ere. Leku-kopurua mugatua da eta, horregatik, ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea Nagusi Aretoan bertan  edo 94 694 11 29 telefono zenbakira deituta. Izena emateko epea urriaren 30ean amaituko da.

Internet ikastaroa eta Durangaldeari buruzko hitzaldia

Hemendik eta urte amaierara bitartean hiru izango dira jarduera berriak: aipatutako bidaiatzeko ingeles-ikastaroa, oinarrizko Internet ikastaroa eta hitzaldi bat, “Durangoko eta Zornotzako merinaldeak, eskualde baten historia” aztergaitzat hartuko duena.

Oinarrizko Interneti buruzko ikastaroari dagokionez, berriz, sarean ibiltzeko gaitasuna emango duten oinarrizko nozioak lantzea da xedea: posta elektronikoa irakurri, bilatzaileak erabili, gizarte sareak ezagutu eta baliatu, etab. Azaroaren 4an hasiko da ikastaro hau, eta hil bereko 27ra arte iraungo du. Astearte eta ostegunetan emango da, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara  Zelaieta zentroan.

Azkenik, hitzaldia azaroaren 10ean izango da, astelehena, arratsaldeko 17:00etatik 18:30era Nagusi Aretoan. Gerediaga Elkarteko Jon Irazabalek emango duen berbaldi honetan Durangoko eta Zornotzako merinaldeen historia laburra aurkeztuko da, funtsezko puntuak azpimarratuz: merinaldeen jatorria, eboluzioa eta eraldaketa sozio-politikoa, gaur egungo egoerara iristeraino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!