Erosketengatik opariak lortzeko aukera Dendariak elkartearen bidez

Anboto 2014ko urr. 28a, 13:10

Merkatarien elkarteak opariak emango ditu 100 eurotik gorako erosketengatik.

Urri hasieran Ixer-eko aparkaleku berria inauguratu zuten 146 plazagaz. Doako aparkalekua dela eta txandakako sistema darabilela (gehienez hiru ordutan aparkatu daiteke aldiko) dira aparkaleku horren berezitasunetako bi. Txandakako sistemak dinamismoa eskaintzen du eta aproposa da herriko komertzioetan erosketak egiten dituzten herritarrei zein herritik kanpokoei ahalik aukerarik zabal eta malguena eskaintzeko. Horrela, aparkalekuaren onurak azpimarratu eta sostengua eskaintzeko Zornotzako Dendariak elkarteak kanpaina bat abiatu du eta erosketengatik opariak eskuratu ahalko dira.


Dendariak elkarteko bazkide diren dendetan 100 euroko erosketa baino handiagoa egiten duenak Power Bank bat (mugikorra kargatzeko bateria mugikorra) edo erosketak egiteko telazko gurditxoa jasoko du opari; hainbat saltokiren txartelak batu daitezke zenbateko horretara heltzeko. Ixer-eko aparkalekuak eskaintzen duen aukeragaz Zornotzatik kanpora bizi direnentzako ere kanpaina  aproposa dela uste dute Dendariak elkarteko ordezkariek.

Opariak zelan eskuratu
Kanpaina hau izakinak agortu arte egongo da indarrean. Opariak Zornotzako Dendariak elkarteak Luis Urrengoetxea kalean duen bulegoan jaso daitezke: 10:00etatik 14:00etara.  Opari bakar bat emango da pertsona bakoitzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!