Gazteek berdintasunaren inguruan duten ikuspegia aztertzen dihardute

Anboto 2014ko urr. 23a, 10:20

Zornotzako gazteek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna zelan baloratzen duten eta gaiaren inguruan zenbaterainoko ezagutza duten jakiteko, azterketa bat egiten ari da Zornotzako Udaleko Berdintasun Saila. Azterketa 15 eta 29 urte arteko gazteei zuzenduta dago.


Hiru bide jorratzen dabiltza azterketa ahalik eta osatuena izan dadin. Batetik, aurrez aurreko galdetegiak egin dituzte. Gazteak ibiltzen diren ohiko tokietara joan dira, eta zuzenean galdetu diete gazteei gaiaren inguruan, eta euren iritziak eta ikuspuntuak jaso dituzte. Orain arte, 300 galdetegitik gora egin dituzte. Galdetegiak hiru adin tartetan banatu dituzte (15-19, 20-24 eta 25-29) adin tarte bakoitzeko errealitatera ahalik gehien hurreratzeko.

Bestetik, informazioa batzeko beste bide bat gazteriarekiko lotura duten gizarte eragileekin egindako elkarrizketa sakonak dira. Kirol, kultur, aisialdi eta hezkuntza arloan gazteekin hartu-emana duten eragileak ere informazio iturri egokiak direlako jorratu dute bide hori.

Azkenik, edozein adinetako herritarrei gaiarekiko euren ikuspegia adierazteko bidea ireki diete Zornotzako Udaleko webgunean dagoen galdetegi baten bidez. Galdetegi hori bost galderek osatzen dute, eta azaroaren 10era arte egongo da eskuragarri.

Jasotako informazioagaz ateratako ondorioak abenduan argitaratuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!