Amorebietak sendo darrai Urritxen

Anboto 2014ko urr. 20a, 11:17

Amorebieta futbol taldeak orain arte ez du partidurik galdu etxean. Asteburuan 1-0 menderatu du Conquense.

Amorebietak gotorleku bihurtu du Urritxe futbol zelaia. Orain arte Bigarren B Mailan etxean jokatutako bost partiduetatik hiru irabazi eta bi berdindu dituzte Josue Atelaren gizonek. Asteburuan Conquense taldea esku hutsik irten zen Urritxera egindako bisitatik. Denboraldian etxetik kanpora jasaten zuen lehen porrota izan zen Cuencako taldearentzat. Ordura arte hiru berdinketa eta garaipen bat eskuratuta zituen.

Asier Goiriak 85. minutuan sartu zuen zornotzarrei garaipena eman zien gola. Falta baten osteko erdiraketan Manolo atezainak ezin izan zuen baloia blokatu eta Goiria inor baino zuhurrago ibili zen. Aurretik Amorebietak hainbat aukera izan zituen markagailuan aurreratzeko; Orbegozok eta Ortegak, esaterako, aukera garbiak izan zituzten partiduaren hasieran.

Oro har, partidu ona jokatu zuen Amorebietak. Zaleak gozatzen ari dira aurten etxeko partiduetan. Esaterako, oraindik gogoan izango dute Socuellamos taldearen aurkako garaipena irail amaieran. Lehen zatia jokalari bat gutxiagorekin amaitu ostean, Mikel Orbegozo aurrelariak hiru gol sartu zituen bigarren zatian, zaleen gozamenerako.

Asteburuko garaipenarekin Amorebieta zortzigarren postuan sailkatuta dago, play off postutik puntu batera. Datorren asteburuan Tudelanoren zelaia bisitatuko du. Orain arte, kostatzen ari zaio etxetik kanpora puntuak batzea Amorebietari: garaipen bat eta hiru porrot.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!