Ogenbarrenan hoditeria aldatu eta eremu publikoa berrantolatuko dute

Anboto 2014ko ira. 30a, 14:36
Udal ordezkariak eta Alvaro Cerezo arkitektoa gaur Ogenbarrenan obren gaineko azalpenak ematen

Lanak astelehenean hasi zituzten eta fase bitan egingo dira; lehenengoan ur lohien hoditeria aldatu, espaloiak zabaldu eta kale argiak aldatuko dituzte.

 

Ogenbarrenako espazio publikoa berrantolatu eta lur azpiko azpiegiturak berriztatzeko lanak hasi zituzten astelehenean 300.000 euroko inbertsioagaz. Lanak fase bitan egingo dituzte bizilagunei ahalik kalterik gutxien eragiteko.

Lehenengoak, batez ere, Arrieta Jaio eta Unamuno kaleei eragiten die eta urtea amaitu aurretik lanik gehienak amaituta egotea itxaroten dute David Latxaga alkatearen esanetan. Espazioaren berrantolamendu berria egituratzeko orduan, oinezkoen erosotasuna hartu dute oinarri moduan. Espaloiak zabaldu egingo  dituzte eta, horren ondorioz, autoen aparkalekuak berrantolatu egingo dira. Esaterako, Arrieta Jaion (Aramotz kalerantz begiratuz) ezkerraldeko aparkalekuak kendu egingo dituzte eta eskumakoak beregituratu. Lehen fasearen sei aparkalkeu galduko dituzte, baina bigarrenaren ostean ia denak berreskuratuko dira.

Lan horiekin batera, eraikinei josita dauden kale argi denak kendu eta berriak ipiniko dituzte, baina lurrean. Beste aldaketa bat zaborrei dagokie: Landeta paretik kendu eta Gudarien kalean aurrerago  eramango dituzte. Erabaki hori hartu dute zaborrak parke ondotik aldentzeko. Era berean, Arrieta Jaion daudenak ere kendu egingo dituzte, zaborrak gune bakar batean eta kanpoaldean kontzentratuz.Horrela, "zaborrak batzeko kamioiak ez dute auzo barrura sartu beharrik izango, zaratak gutxituz".

Ur hodieriak bananduta

Azpiegiturei dagokionez, bizilagunak sarritan  kexatu diren usain txarra dela-eta, orain arte hoditeria bakarrean zihoazen euri urak eta fekalak banandu egingo dituzte; hodi banatan joango dira.

Lehen faseko lanak amaitzean hasiko dituzte bigarren fasekoak. Laster datorren urteko aurrekontuak onartzea itxaroten du alkateak eta aurrekontuetan lan horietarako diru atala bideratuko dute.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!