EHBilduk informazio “faltsua” eman izana leporatu dio EAJri

Anboto 2014ko ira. 25a, 13:18

2015eko tasa eta zergak izoztu egin dituztela jakinarazi du asteon EAJk eta Ogasun Batzordean erabakia aho batez onartu zela. EHBilduk dio gai hori ez zegoela gai-zerrendan eta ondorioz ez  zela diktamen edo erabakirik egon.

 

Martitzeneko udalbatzarraren ostean, bertaratutako komunikabideekin egiten den ohiko batzarrean, 2015eko tasak eta zergak izoztu egingo zituztela jakinarazi zuten David Latxaga alkateak (EAJ) eta Iker Basagoiti ogasun arloko zinegotziak (EAJ). Azaldu zutenez, tasak eta zergak bere horretan mantenduko dituztenez eta iazkoekin alderatuta ez dagoenez aldaketarik, neurriak ez du udalbatzarraren onespenik behar; hala ere, dagokion batzordean alderdi denak neurriagaz ados agertu zirela adierazi zuen Basagoitik. Horrela jasota zetorren ondoren komunikabideei banatutako prentsa oharrean ere.

EHBilduk dio informazio hori “faltsua” dela. Prentsa ohar batean jakinarazi dutenez, 2014ko abuztuaren 27an egindako Ogasun Batzordeko gai-zerrendan “ez zetorren gai hau eta, ondorioz, ez zen diktamen edo erabakirik egon; ondorioz komunikatua faltsua da”. EHBilduren ustez, tasa eta zergen gaia “garrantzitsua” da eta “gai-ordenean joan behar zela deritzogu, eman behar zaion trataera eta lanketa emanez, eta ez da galderen eta eskaeren txandan tratatu behar erabaki bat hartzera bidean”. Aipatutako batzordean EHBilduk proposamenagaz “bat egiten” zuela adierazi zuen, baina, aldi berean, “aplikatzen diren hobarien taulak eta euren hobekuntza posibleak ere kontuan izan behar direla”: “EAJk gure ezagupen eta baimen barik argitaratutako informazio faltsua instituzioari, oposizioari eta komunikabideei errespetu falta larria dela deritzogu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!