ACBko Gran Canaria taldean aritu den Borovnjak pibota fitxatu du Zornotzak

Anboto 2014ko ira. 19a, 13:16
Borovnjak iaz Gran Canaria taldeagaz, Juan Carlos Navarrori baloia lehiatzen.

Borovnjak serbiarragaz batera, uztai azpiko jokoa indartzeko Juan Coronado pibot venezuelarrak ere Zornotzan jokatuko du.

 

Asteon pibot biren fitxaketaren berri eman du Zornotza Saskibaloi Taldeak: Sasa Borovnjak serbiarra eta Juan Coronado venezuelarra.

Borovnjak (1989, Serbia, 2.06 metroko garaiera) jokalaria Ipar Carolinako Christian Akademian hezi zen jokalari lez. Handik, Penn State-eko unbertsitera egin zuen salto, 7.4 puntu eta 3.6 erreboteko batez bestekoa egin zuelarik. Unibertsitatetik profesionaletarako saltoa Greziako lehen mailan dabilen Ikaron Chalkidas taldean eman zuen. Batez beste 5.2 minutu jokatu zituen: 3.2 puntu eta errebote bat. Iazko abenduan ACBko Herbalife Gran Canaria taldera joan zen behin behineko kontratuagaz. Zortzi partidu jokatu (6 minutu partiduko) eta batez beste 1.5 puntu eta 1.4 errebote lortu zituen.

 

Boronjak-en irudiak Penn State unibertsitatean zebilenean:

 

Juan Coronadok  (1990, Venezuela, 2.03ko garaiera) ere Zornotzan jokatuko du 2014/15 denboraldian. Ameriketako Estatu Batuetako Liberty unibertsitatetik dator eta aurtengoa izango du lehenengo denboraldia profesionaletan. Unibertsitateko lehen denboraldian 4.9 puntu eta 8.2 erreboteko egin zituen; iazko bigarren denboraldian 4,7 puntu eta 5.4 errebote. Jokalari indartsua da eta talde lanean asko laguntzen duena.

 

 

Juan Coronadoren jokaldien bideoa:

 

 

Azkenik, Borja Mendia hegalekoak Zornotzan jarraituko du bigarren urtez jarraian Bilbao Basket taldeak utzita. Hala ere, entrenamenduak talde biekin txandakatuko ditu. Iaz 20 partidu jokatu zituen batez besteko honekin: 4.1 puntu eta 2.1 errebote.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!