Egoitz Aragon, mendi korrikalaria: "Alpeak mendi izugarriak dira, eta erronka hau sekulakoa da"

Anboto 2014ko ira. 20a, 09:30

Alpeetako Tor des Geants mendi lasterketan hamaikagarren postua lortu du Egoitz Aragon gazte zornotzarrak.

Ez dago elkarrizketetara ohituta, eta, errespetua ematen dion arren, kazetariaren galderak erantzuteko prest agertu da. Oraindik Alpeetan eginiko esfortzuari buelta ematen dabil. Tor des Geants lasterketa garrantzitsuan 88 orduz ibili da mendian, 330 kilometro egiteko. Espero ez zuena, sailkapenean lortutako postua izan da: hamaikagarren postua. Onenekin parez pare, beraz. Duela bost urte hasi zen mendi lasterketetan, eta pixkanaka gorantz doa. Aurten, Ehunmiliak proban ere bosgarren amaitu du.

Pozik egongo zara emaitzagaz, ezta?
Bai, oso pozik nago. Gaur hasi naiz barneratzen. Momentuan bertan baino, orain: beharrekoak eta kuadrillakoak zoriontzen hasi zaizkidanean. Egia esan ez nuen espero hamaikagarren postuan sartzerik. Beharbada, egindako denbora bai, 90 ordutik gertu ibiltzea. Baina postuarena ia gura barik etorri zen. 120. postuan hasi, eta gura barik jendea aurreratzen eta aurreratzen joan nintzen: 60., 30. eta hornitzeko puntu batean hamargarren nindoala esan zidaten. Sinistu ere ezin nuen egin. Hor hasi zen lasterketa.

Lehenengo aldia izan al da?
Iaz ere joan nintzen. 106 orduan egin nuen. Beste katalan bategaz elkartu, eta biok batera egin genuen. Ez zen oso ondo irten, eta, amaitzean, aurten berriro joatea erabaki nuen, denbora hobetzeko. Alpeak mendi izugarriak dira, eta erronka hau sekulakoa da.

Zelan joan zen lasterketa?
Astiro-astiro hasi nintzen. Lehenengo 24 orduak oso txarto pasa nituen: sekulako beroa egiten zuen, eta deshidratatuta nengoen. Gogo barik nengoen, eta erretiratzea pentsatu nuen. Gero, ondo hidratatu nintzen, eta orduak aurrera joan ziren. Ordu bi egin nituen lo aterpe batean. Hor indarrak hartu, eta jendea aurreratzen hasi nintzen. Motibatu egin nintzen. Hamargarren postuan egon nintzen, profesionalekin lehian. Hor hasi zen nire lasterketa, baina baita nire kalbarioa ere. Presioa zen: “Hamargarren noa, horrela amaitu gura dut, asko falta da, ez dakit aguantatuko dudan...” Burugogorra naiz, eta azkenean hamaikagarren postua lortu nuen.

Zer sentitzen da helmugan, hainbeste ibili ostean?
Mina. Gauza onik ez, egia esan. Iaz asko disfrutatu nuen, baina aurten sentsazio txarra eduki dut. Loa ere txarto eroan dut; lau ordu eta erdi egin ditut lo [lasterketa osoan], haluzinazioak izan ditut... Oso gogorra egin zait.

Beraz, zer da betegarriagoa, sailkapena edo esperientzia?
Esperientzia. Ni ez noa sailkapen on baten bila. Beste urte batean, 88 ordugaz 40. sartu naiteke. Horrek ez du ardura handirik, nire ustez behintzat.

Ez daukazu babeslerik, ezta laguntzarik ere. Horrek meritu handiagoa ematen dizu?
Meritu handiagoa? Ez zaude baldintza berdinetan, baina ez dut uste. Babesle bategaz ez nuen askoz hobeto egingo. Meritua lehenak eta azkenak berdin-berdin daukate. Beharbada azkenekoak gehiago, denbora gehiago egon delako mendian sufritzen.

Baina aurrean zihoazenek bazeukaten laguntza...
Bai. Adibidez, hornitzerakoan, ordu erdi lehenago laguntzaileari deitzen zioten, eta jatekoa prestatzeko esaten zioten, baita arropa prestatzeko ere. Eta, heltzean, dena prest zeukaten, 1 Formulako boxetan lez. Batek benda ipini, besteak masajea, hirugarrenak janaria ekarri... Ni, ordea, bakarrik egoten naiz.

Fisikoki bai, baina psikologikoki prestatzen al zara?
Alde psikologikoa fisikoa baino garrantzitsuagoa dela uste dut, agian, %80ko garrantzia du. Baina ez dut prestakuntza berezirik egiten. Nik uste dut izaera kontua dela. Bakarrik joaten naiz beti mendira, eta asko disfrutatzen dut.

Famatua ez izateak anekdota bat ekarri zizun.
Emilie Lecomt eta biok bazkaltzen geunden, eta aterpeko jende guztia beregana zetorren autografoak eskatzera. Ni beragaz nengoen, baina bakarrik. Eta batek esan zuen: “Hori ere hor dago!”. Orduan niregana etorri ziren.

Lehen, haluzinazioak eduki zenituela aipatu duzu. Benetan?
Bai. Lau egunetan lau ordu eta erdi lo eginda, gauza asko ikusten duzu. Dortoka handi bat ikusi nuen, igel piloa alde batetik bestera, zuhaitzak niregana zetozen... Amets egitearen parekoa da. Horrelako momentuetan ordu erdi edo ordubete egin behar duzu lo. Momentu kritikoak izaten dira.

Noiztik zabiltza mendian?
Mendian betidanik ibili izan naiz aitagaz. Ehizan, perretxikotan... 2009an Hiru Haundiak probaren berri izan nuen, eta hori prestatzen hasi nintzen.  Belauna apurtu, eta sei hilabete geldi egon ostean, berriro ekin nion. Lehenengo lasterketa laburrak, kilometro bertikalak... Gero konturatu nintzen luzeak gustatzen zaizkidala gehien.

Erronka zehatzik laster?
Ez. Ez zait probak errepikatzea gustatzen, eta leku berriak begiratzen hasi naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!