Barloworld enpresak 177 langile kaleratzeko asmoa du, horietako zazpi Zornotzako plantan

Anboto 2014ko ira. 16a, 14:31
Irudietan Barloworld enpresak Katalunian duen plantako irudia.

Espainia osoan zehar sakabanatuta dauden enpresa komiteko ordezkariak eta enpresako zuzendaritza negoziazioan dabiltza. “Badakigu ez gaudela ondo, baina ez 177 langileren lan kontratuaren etendura espedientea aurkezteko bezain txarto”, dio Roberto Ruiz CCOOko ordezkariak. Greba egunak deitu dituzte irailaren 22, 25, 26, 29 eta 30ean.

 

Barloworld Finanzauto enpresak banaketa arloan lan egiten du. Zehatz esanda, egoitza zentrala Ameriketako Estatu Batuetan duen Carterpillar enpresak egindako makinaria (hondeatzaileak, dumper-ak…) banatzen du Espainian eta Portugalen. Azken urteetan, krisiaren eraginez administrazio publikoek sustatutako obra kopurua jaitsi egin da eta horrek zuzenean eragin dio Barloworld Finanzauto enpresari. Testuingu horretan, eta enpresa akordioa 2103tik iraungita dagoela, 177 langileren lan kontratu etendura aurreikusten duen espedientea aurkeztu zuen abuztuaren 29an. Horietako zazpi enpresak Zornotzan duen plantan gauzatuko lirateke eta beste hiru Zornotzako plantak Logroñon eta Iruñean dituen delegazioetan. Zornotzako plantan, guztira, 58 langilek lan egiten dute. Espainia osoko planta denak kontuan hartuz gero, Barloworld Finanzauto enpresan ia 1.200 langile daude.

Enpresako zuzendaritzaren espedienteak “harrituta” utzi dituela onartu du Roberto Ruiz Zornotzako enpresa komiteko ordezkariak. Zornotzan bost ordezkari ditu komiteak, denak CCOO sindikatukoak. Irailaren 29ra arte, Espainia osoko komiteko ordezkariak eta enpresako arduradunak astean batzar bat egiten dabiltza Madrilen (aste honetakoa eguenean izango da) irtenbideren bat bilatu guran: “Egia esan, orain arte ez dugu irtenbiderik ikusten, ez dugu argirik ikusten”, dio Ruizek: “Guri esaten digute proposamenak egiteko, baina zer proposamen egingo dugu kaleratzeko espedientea eurak aurkeztu dutenean? Irtenbideren bat bilatzeko bidean enpresaren egoera orokorra jakin behar dugu, baina ez digute guk eskatutako daturik ematen; horrela ezinezkoa da”. Ruizen esanetan, “badakigu ez gaudela ondo, baina 177 langileren etendura espedientea aurkezteko bezain txarto ere ez”. Gutxienez, kaleratzeak egon behar badira “kaleratze ez traumatikoak” izatea eskatzen dute: “Badaude aukerak. Aurrejubilazioak, errelebo kontratuak…”.

Gogoratu duenez, ez da enpresak bere historian aurkezten duen lehen espedientea, baina orain arte “ez eskutik helduta, baina bien aldetik ipinita, beti heldu gara akordioren batera; orain ez dugu argirik ikusten momentuz”. Oraingoz, gai honek sortu dien desadostasuna erakusteko greba egunak deitu dituzte irailaren 22, 25, 26, 29 eta 30ean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!