Kepa Agirregoikoa, gaztagilea: "Enpresa batean ibili nintzen lanean, baina ez nintzen nire munduan sentitzen"

Anboto 2014ko ira. 13a, 09:30

Ilusioa nabari zaio begietan baserriaren inguruan berba egiten duenean. Gazta eta jogurt ekoizpenerako behar den guztia etxean bertan du Kepa Agirregoikoak (Zornotza, 1990). 40 ahuntz, lau behi eta, batez ere, lanerako gogoa. Errotik izena jarri dio orain urte bi sortutako egitasmoari. Izen ezin hobea gaztagile gazte honen jarduna azaltzeko.  


Zelan bururatu zitzaizun proiektu hau martxan jartzea?
Etxean beti izan dugu ganadua. Aitak eta amak esne behiak zituzten, eta esnea herrian saltzen zuten. Lan hori utzi zutenean, aitak okelatarako behiak jarri zituen, landak garbi mantentzeko. Beraz, mundu honetan ibili naiz beti.

Ikasketak ere arlo honetara bideratu dituzu?
Fraisoron abeltzaintza ikastaro  bat egin nuen. Handik, Maristak ikastetxera joan nintzen, elektrizitate arloko erdi-mailako lanbide modulu bat egitera. Eta 20 urtegaz ekin nion proiektu honi.

Lan honek ardura handia eskatzen du. Oporretan joatea ez da erraza izango.
Gauza bakoitza bere momentuan eginez gero, ez da hainbesteko ardura. Oporretan joatearena beste kontu bat da. Hala ere, ez dut faltan botatzen. Gustura nabil, eta tartetxo bat hartu gura dudanean, bizikleta hartu, eta mendira joaten naiz.

Beraz, ez duzu oporrik izan.
Ez, hemen ezin da pertsiana zarratu. Hemengo lana delegatu egin beharko nuke.

Zer ekoizten duzu?
Bost poduktu ekoizten ditut. Behi eta ahuntz gazta sikua (erdiondua), behi eta ahuntz gazta freskoa, eta, orain, behi jogurta.

Non erosi ditzakegu produktu horiek?
Zornotzako eta Durangoko denda batzuetan banaketa egiteaz gainera, Durangoko eta Gernikako plazara joaten naiz.
 
Inoiz pentsatu duzu beste ogibide bat izatea?
Maristetan ikasi eta gero, enpresa batean ibili nintzen lanean, baina han ez nintzen nire munduan sentitzen. Gaztea naiz, eta nire ametsa errealitate bihurtzea pentsatu nuen.

Urte bi daramatzazu proiektu honetan. Zelako balorazioa egiten duzu?
Ekoiztea erraza da, baina zailena merkatuan sartzea da. Merkatu bat zabaldu dut, eta merkatu hori mantentzea eta beste batzuk zabaltzea da asmoa.

Krisi sasoian enpresa bat jarri duzu martxan. Askok esango lukete gazte ekintzaile bat zarela.
Nik krisi aurreko sasoia ez dut ezagutu, beraz, ezin dut aldea ikusi.  

Azken urteotan elikagaien inguruan kontsumo taldeak sortu dira gertuko eta kalitatezko produktuak kontsumitzeko. Joera hori nabaritu duzu?
Jendeak kontzientzia handiagoa du jaten duen produktuaren eta bere jatorriaren inguruan. Hemen jaten dugun janari gehiena kanpotik dator, eta jendea konturatzen dabil bertako produktua kontsumitzeak duen garrantziaz. Esaterako, Durangoko azokara doan jendeak bertako produktuak eskatzen ditu.

Baina, txikitan ‘quesitoak’ eta horrelakoak jango zenituen.
Bai, hori etxe guztietan gertatu da. Baina, gero eta kontzientzia handiagoa dut produktu horiek ekoizteko moduaren inguruan, eta badakit beste modu batera jokatu daitekeela. Guztiz produktu ezberdin bi dira.  

Orain enpresaria zara. Agiri kontuak zelan daramatzazu?
Enpresa baten sorreran gaitzena burokrazia eta baimenak ateratzea da. Ondoren, merkaturatzea da zailena.

Gazte gutxik hartzen dute baserrian jarduteko erabakia.
Ni beti egon naiz mundu honetan. Batzuek honetan ez sartzeko esaten zidaten, ez dela dirurik irabazten. Azkenengo urteetan baserri munduan salmenta delegatu egin da. Baina nekazaritza, abeltzaintza eta salmenta uztartuz gero, bizimodua atera daiteke baserritik. Azken urteotan kate hori apurtu egin da, eta baserriko produktuak ez dira zuzenean saldu. Joera hori apurka-apurka aldatzen dabil.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!